Irungo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak gaur goizean izandako bileraren ostean, Cristina Laborda alkateak iragarri du gaur arratsaldetik bertatik aurrera neurri berriak jarriko direla martxan Itzulera Operazioak hirian eragiten dituen auto-pilaketei aurre egiteko. Joan den ostegunean bizitako eragozpenak berriro gerta ez daitezen eta irundarrek ospitalera edo beren etxeetara joateko zailtasunik izan ez dezaten, Udalak landutako bigarren proposamena onartu du azkenean Eusko Jaurlaritzak.
Labordak azpimarratu du azken egun hauetan bakardade instituzional handia sentitu dutela, erakundeen aldetik isiltasuna eta ezezkoak jasoz. Hala ere, alkateak argi utzi du bilera honetatik irundarrentzat berehalako irtenbide batekin atera nahi zuela. Jaurlaritzak proposamen propio eraginkorrik aurkeztu ez badu ere, Udalak mahai gainean jarritako plan berria onartzea lortu dute. Neurri honekin, egoera bideratzea lortu da, ezinbestekoa baita Eusko Jaurlaritzak Itzulera Operazioaren lidergoa bere gain hartzea eta bi erakundeen arteko koordinazioa mantentzea.
Neurri berriak gaurko prest
Aplikatuko den neurri berriaren helburu nagusia AP-8 autobideko auto-ilarak saihestu nahian bide dakarren trafikoa Irungo erdigunetik eta auzoetara ez barreiatzea da. Horretarako, bi kontrol eta iragazte gune berri ezarriko dira: lehenengoa GI-2164 errepidean jarriko da, Pikogarate Bidearekin egiten duen gurutzetiko noranzkoan, eta bigarrena Gurutzeko biribilgunean kokatuko da, Barraka noranzkoan, ibilgailuak Olaberria auzora sartzea eragozteko asmoz.
Segurtasun kontrol hauei esker, Oiartzundik datorren trafiko guztia puntu bakar batera bideratuko da, hots, Katea auzorantz. Horrela, autoen sakabanaketa eragotziko da bigarren mailako errepideetan, eta aldi berean, hiri barruko sarrera puntu bakarrean zentralizatuko da, Udaltzaingoak zirkulazioa askoz hobeto kudeatu ahal izateko. Alkateak adierazi du gertutik jarraituko duela neurri hauen eragina eta irundarren interesak defendatzen jarraituko duela behar den lekuan eta garaian.



