Haur, gazte eta helduentzako euskal dantza eskolak antolatu ditu Kemenek hastear den ikasturterako

Kemen Dantza Taldeak 2026-2027 ikasturterako izen-emate epea ireki du jada. Eskaintza zabal honekin, elkarte irundarrak haur, gazte zein helduei zuzendutako euskal dantza eskolak emango ditu berriro ere, adin zein maila ezberdinetara egokitutako taldeekin. Ikastaroetan parte hartu nahi duten pertsona guztiek telefono bidez (688 920 160) zein posta elektronikoz (adaxka@kemendt.com) jar daitezke harremanetan antolatzaileekin plaza erreserbatzeko.

Eskolen ordutegia prest

Ikastetxeetako saioei dagokienez, Kemenek hainbat txanda antolatu ditu astelehenetik ostegunera bitartean. Toki Alai ikastetxean astearteetan eskainiko dira klaseak (12:30-13:30 eta 13:30-14:30), eta Talaia ikastetxean asteazkenetan (14:30-15:30 edo 15:30-16:30). Txingudi ikastetxeko 1. eta 2. mailako ikasleak astearte eta ostegunetan bilduko dira (15:45-16:45), eta 3. eta 4. mailakoak astelehen eta asteazkenetan ordutegi berean. Bestalde, Eguzkitza ikastetxean 3. eta 4. mailako haurrek astelehen eta ostegunetan izango dituzte saioak (16:30-17:30).

Eskola-orduetatik kanpo, elkartearen lokalean eta bestelako mailetan ere izango da dantzatzeko aukera. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako taldeak astearte eta ostegunetan arituko dira lokalean (17:30-18:30), eta Lokaleko Talde orokorra astelehen zein asteazkenetan elkartuko da ordu berean. DBHko ikasleentzat ostiral arratsaldetan jarri dute saioa (17:00-19:00), eta helduek ostegunetan izango dute beren tartea, 18:30etik 19:30era bitartean. Antolakuntzatik gogorarazi dute behin-behineko ordutegia dela hau eta izena ematen duten pertsona kopuruaren zein monitoreen arabera aldaketaren bat egon daitekeela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude