Behar Bidasoa elkarteak laguntza-kanpaina abiatu du Pereiran izandako lurrikarari erantzuteko

Behar Bidasoa erakundeak elkartasun-kanpaina bat jarri du martxan Pereiran (Kolonbia) berriki izandako lurrikarak eragindako kalteei erantzuteko. Lehenengo asteetan komunikazioak zailak izan diren arren telefono zein interneteko arazoengatik, egoeraren lehen balorazioa egin eta premiazko beharrak zehaztu ondoren elkartasuna bideratzeko unea iritsi dela uste du elkarteak. Jasotako ekarpen ekonomiko guztiak San Paulo Gurutzearen Pasionisten Kongregazioko Ahizpei bideratuko zaizkie zuzenean, Behar Bidasoak 20 urte baino gehiago baitaramatza Pereirako Las Brisas auzoan haiekin lankidetzan, egoera ahulenean dauden familiei laguntzen.

Une honetan, kezka nagusienetako bat uraren kalitatea da, kutsadura-arazoekin iristen ari baita etxebizitzetara. Osasun-profesionalek ontziratutako ur edangarria erabiltzea gomendatu dute, bereziki haurren artean oka zein beherako kasuak agertu direla eta. Egoera horri aurre egiteko, Ahizpak elikagaiak, haurrentzako esnea eta pixoihalak banatzen ari dira ehun pertsona ingururi, eta jantoki soziala ere berriro jarri dute martxan. Horrez gain, erakundearen eraikinean ere kalteak izan dira, bereziki leihoetan eta teilatuan, eta arrakalen ondorioz euri-ura sartzen ari da.

Laguntza kanpaina

Zailtasunak zailtasun, Pasionisten Ahizpak ohiko jarduera eta laguntza psikologikoa pixkanaka berreskuratzen ari dira. Ludoteka berriz ireki dute arratsaldez, eta haurrekin marrazketa nahiz pintura jarduerak bultzatzen ari dira beldurra gainditzen laguntzeko eta online eskoletara itzultzea prestatzeko. Behar Bidasoak azpimarratu du ekarpen ekonomikoak egitea dela laguntzeko modurik azkarrena eta eraginkorrena, hemendik elikagaiak edo materialak bidaltzeak prozesua moteldu egingo lukeelako eta diruzko laguntzak bertan benetan behar dena zuzenean erosteko aukera ematen duelako.

Kanpaina honetan parte hartu eta laguntza helarazi nahi duten pertsona guztiek ES19 2095 5086 109101924570 kontu korrontean egin ditzakete beren ekarpenak, “Ayuda Pereira” kontzeptua adierazita. Behar Bidasoak eskerrak eman dizkie proiektuarekin ohikoan parte hartzen duten pertsona zein erakundeei beren babesagatik, eta elkartasuna laguntza zuzen eta baliagarri bihurtzeko konpromisoa berretsi du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude