Commerce Lab guneak bertako merkataritzarentzako doako ikastaroak eskainiko ditu azarora arte

Irungo Udaleko Hiri Bultzada eta Sustapen Ekonomikoko Arloak Commerce Lab gunearen (Serapio Mujika kalea, 8) udazkeneko prestakuntza-eskaintza berria aurkeztu du. Irailetik azarora bitartean garatuko diren saio praktiko eta doako hauen helburua da hiriko merkataritzari tresna erabilgarriak eskaintzea, kontsumo-ohitura berrietara egokitzeko eta lehiakortasuna hobetzeko. Nuria Alzaga lehen alkateorde eta arloko ordezkariak azpimarratu duenez, ekimenak merkataritza-sektorearen beraren eskaerei eta premiari erantzuten die, hurbileko merkataritzaren esentzia mantenduz modernizazio-bidea errazteko.

Eskaintza zabal honetan hainbat arlo garrantzitsu landuko dira merkataritzan zein komunikazioan adituak diren profesionalen eskutik (Ibon Irastorza, Ane Sanzberro, Mario Echevarría, Badoa, Pixel Diseinua eta Gipuzkoako Ganbera). Digitalizazioari eta komunikazioari dagokionez, publizitate merkea sare sozialetan, CANVA bidezko diseinua, denbora aurrezteko kudeaketa errealista, bideoak egiteko oratoria eta eduki-estrategiak ikasgai izango dira. Era berean, Adimen Artifizialaren erabilera praktikoa aztertuko da (Instagramerako nahiz barne-prozesuak eta inbentarioak optimizatzeko), eta Eguberrietako kanpainari begira erakusleihoak apaintzeko joera berriak ere erakutsiko dira. Bestalde, giza faktoreari lekua egingo zaio, adinekoentzako arreta enpatikoa eta kexen nahiz erreklamazioen kudeaketa egokia azpimarratuz.

Saio guztiak 13:45etik 15:45era bitartean egingo dira Commerce Laben. Parte hartu nahi duten saltokiek aldez aurretik izena eman beharko dute promocioneconomica@irun.org helbidera idatziz edo 943 50 53 37 zein 943 50 53 35 telefono-zenbakietara deituz, parte-hartzailearen izena, saltokiaren izena eta harremanetarako zenbakia zehaztuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude