‘Kafkaren Metamorfosia, Stèphane Levalloisen eskutik’ erakusketa hartu du IrekiART guneak azaroaren 14ra arte

CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroko IrekiART guneak “La metamorfosis de Kafka, por Stèphane Levallois” erakusketa hartuko du azaroaren 14ra arte. Afundación – Obra Social ABANCAk sustatutako eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Astearen barruan kokatutako proiektu honek Franz Kafkaren literatura-klasikoari buelta bat ematen dio.

Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak, Stèphane Levallois artistak berak, Asier Mensuro erakusketaren komisarioak, Josemi Beltrán Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendariak eta Iñaki Celaya ABANCAko ordezkariak erakusketa bisitatu dute gaur goizean. Erakusketaren inugurazioa berriz gaur arratsaldean bertan egingo da CBAn bertan, 18:00etan. Azaroaren 14ra arte egongo da ikusgai, egun hori barne, eta Asier Mensuro izango da komisarioa.

Erakusketak formatu txikiko 61 pieza biltzen ditu (tinta eta akuarelaz eginak), baita Gregor Samsaren senideen bi zirriborro eta Kafkaren formatu handiko bost erretratu ere, guztiak ekimen honetarako propio sortuak. Hollywooden “Mr. Monster” gisa ezaguna den Levalloisek (Harry Potter, Marvel, Alien edo Godzilla bezalako ekoizpen handietako munstroen diseinatzaileak) jatorrizko istorioa alderantzizkatzen du: gizon bat intsektu bihurtu ordez, labezomorro bat gizon bilakatzen da labezomorroz betetako gizarte batean. Horrela, egileak benetako munstrotasuna gizartean bertan datzala islatzen du, eta ez baztertutako gizabanakoarengan.

Asier Mensuro

Erakusketaren komisarioa Asier Mensuro da, Artearen Historian lizentziaduna eta profesionalki komisario independente, ikertzaile, irakasle eta arte garaikidean, komikian eta zineman espezializatutako kritikaria. 200 erakusketa baino gehiago komisariatu ditu, besteak beste, Picasso edo Goya bezalako artista handiak komikiaren munduarekin lotu dituztenak edo Artea komikian. Erakusketa horretan, komikigileek artearen historiako hainbat lan garrantzitsuri buruz zuten ikuspegia jasotzen zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude