Irungo Udalak aurrera jarraitzen du ekainean abiatutako Irun2040 Plan Estrategikoarekin. Udal sailen eta Bultzatzaileen Batzordearen lan saioen ondoren, hiriaren etorkizuna finkatuko duten erronka nagusiak, lehentasunak eta ekintzak zehazteko prozesuak bere bidearekin jarraitzen du.
Cristina Laborda Irungo alkateak azpimarratu duen bezala, “Irungo etorkizuna gaur bertan hasten da, ezin dugu 2040ra arte itxoin”. Alkatearen esanetan, eguneroko beharrei erantzuten jarraitzeko beharra dute udalean, baina baita urrunago begiratzekoa ere, aldaketei aurrea hartuz eta datozen hamarkadetako Irun markatuko duten erabakiak orain hartuz. Alkatearen hitzetan, 2040az hitz egiteak ez du esan nahi ekintzak hamalau urte barru kokatzea, baizik eta gaur egun hartzen diren erabakiak eraiki nahi den etorkizuneko hiri horrekin lotzea. “Etxebizitza, lana, auzoak, zerbitzuak, ekonomia eta jasangarritasuna bezalako alorrak orainaldian egiten ari den lan horren parte dira dagoeneko”, gaineratu du Labordak.
Lehen urratsak eta diagnostikoa
Irun2040 egitasmoa joan den ekainaren 18an abiatu zen bi lan saiorekin. Alde batetik, udal arlo ezberdinetako ordezkariek zein talde politikoek hiriaren erronka eta aukera nagusiak aztertu zituzten. Bestetik, Irungo gizartearen hainbat esparrutako ordezkaritzak bere ikuspegia txertatu zuen Irun2040 Bultzatzaileen Batzordearen bidez. Guztira, udaleko 68 ordezkarik eta Bultzatzaileen Batzordeko 41 kidek hartu zuten parte. Batzorde horretako profilak enpresa, industria, unibertsitatea, ikerketa, berrikuntza, kultura, kirola, arkitektura, osasuna, ekintza soziala zein elkarte sarearekin daude lotuta.
“Irungo etorkizuna gaur bertan hasten da, ezin dugu 2040ra arte itxoin”
Cristina Laborda, Irungo alkatea
Saio horiei esker, Irungo egungo egoeraren inguruko hainbat ikuspegi partekatu, indarguneak nahiz hobetu beharreko alderdiak identifikatu eta erronka nagusiak ordenatzen hasi ahal izan zen. Besteak beste, honako alor hauek jorratu ziren: Etxebizitza eta kohesio soziala, ekonomia eta enplegua, paisaia eta ingurumena eta berrikuntza eta kudeaketa publikoa.
Laborda alkateak nabarmendu du lan horrek guztiak eragin zuzena izan behar duela herritarren bizitzan: “Irun pertsonek beren bizitza proiektua garatu ahal izateko hiria izatea nahi dugu: etxebizitza bat lortzeko, lan egiteko, ikasteko, aukerak izateko eta auzo zaintzaile, seguru eta zerbitzu onak dituen batean bizitzeko”. Lehen saio horietan jasotako ekarpen guztiak Plan Estrategikoaren barruan prestatzen ari den diagnostikoan sartu dira, lehendik dagoen informazioaren eta udal plangintzaren azterketarekin batera. “Eta hori egin behar dugu garena ere kontuan hartuta: muga hiria gara, aukerak eskaintzen dizkiguten baina erronka espezifikoak ere jartzen dizkiguten posizio eta ezaugarriekin”, gaineratu du Cristina Labordak.
Hurrengo mugarriak
Irailaren 23an lan saio berriak egin dira, bai udal arloekin bai Bultzatzaileen Batzordearekin, azterketan aurrera egiten jarraitzeko eta hiriaren erronka eta aukerei buruzko ikuspegi partekatua osatzeko. Hortik aurrera, prozesuak esparru estrategikoaren definiziorantz egingo du aurrera, bertan ezarriko dira helburu eta lehentasun nagusiak, eta ondoren, ekintza-plan baterantz bideratuko da, proiektu eta jarduera zehatzetan mamitzeko.
Urriaren erdialdean herritar guztiei irekitako saio bat egingo da. Bertan, orain arte egindako lana partekatuko da, hurrengo urratsak azalduko dira eta herritarrek beren ekarpenak egiteko gaitutako bideak ezagutaraziko dira.
Gainera, Udalak Irun2040ri buruzko atal bat gaituko du bere webgunean, prozesuari buruzko informazioa eta diagnostikoaren aurrerapenak kontsultatu ahal izateko. Atal hori eguneratuz joango da eta herritarren ekarpenak jasotzeko hainbat kanal izango ditu.
Lehen saio horietan jasotako ekarpen guztiak Plan Estrategikoaren barruan prestatzen ari den diagnostikoan sartu dira, lehendik dagoen informazioaren eta udal plangintzaren azterketarekin batera.
Herritarrak proiektuaren parte
Bestalde, herritarren parte-hartzea berebiziko garrantzia izaten ari da proiektuaren garapenean. Alkateak azpimarratu du parte-hartze hori ezinbestekoa dela: “Irun ezin da ikuspegi bakar batetik pentsatu. 2040ko Irun gaur egun hirian bizi garenon begiekin begiratu behar dugu”. Cristina Labordak iritzi ezberdinak entzutearen aberastasuna azpimarratu du: “Esperientzia, behar eta proposamen ezberdinak entzuteak Irungo ikuspegi osatuagoa izatea eta zer hiri eraiki nahi dugun hobeto erabakitzea ahalbidetuko digu”.
Irun 2040 Plan Estrategikoa bultzatzen ari den batzordeko ordezkariak dira Ricardo Díez, Isabel Maingón, Cristina Ubani eta Eneko Calvo. Gizarte irundarreko alderdi ezberdinak ordezkatzen dituzte eta plana osatzeko interesgarriak izan daitezkeen ikuspuntuak batzeko helburuarekin batu dira egitasmora. Cristina Ubani pozik agertu da proiektu honetan bere ekarpena egin ahal izateagatik, bere burua “irundar konbentzitutzat” baitu. Bere ustez, “mundu aldakor batean bizi gara, non diagnostikoak ezinbestekoak diren, baina aldaketarako prest dauden buru baikorrak are funtsezkoagoak izango dira”, azaldu du Ubanik. Horregatik, proiektu hau prozesu bat izatea nahiko luke, aurrera egin ahala plan estrategikoa lantzen jarraitu ahal izateko.
Ricardo Díez eta Isabel Maingón berriz, bat datoz Irunen berezitasuna zein den azpimarratzerakoan: muga izaera. Ricardo Díezen ustez, “muga topaketarako, elkartrukerako eta kultura partekatzeko leku bat da”. Ondorioz, irundarrak berez aldaketarako prest dauden pertsonak direla dio eta hori ezinbestekoa da etorkizun aldakor baten aurrean.
“Ia ezinezkoa da gerta daitezkeen aldaketa guztiak aurreikustea, baina behintzat eraldaketarako prestutasuna izatea aurrerapauso handi bat da”
Isabel Maingón, Irun2040 Plan Estrategikoaren Bultzatzaileen Batzordeko kide
Eneko Calvok, kultur arloaren ordezkari gisa proiektura batu dela erakutsiz, metafora bat erabili du bultzatzaileen batzordearen lana azaltzeko: “afaltzera elkartzen den familia handi bat bezalakoak gara: pentsamendu eta esperientzia ezberdinak izan arren, bere etorkizuna imajinatzeko prest elkartzen dena”. Era honetan, Irun osatzen duten 64.000 biztanleen etorkizuneko hiria nolakoa izatea nahi den pentsatzen saiatuko direla azaldu du.
Isabel Maingónek, hiriko atzerritarren komunitatearen parte izanda eta urte luzez Irunek eskainitako baliabideak erabili ostean, etorkizunera begira pentsamendu ireki bat izatearen garrantzia azpimarratu du: “Etorkizun oso aldakor baten aurrean baikaude”. Dena den, Maigónek azpimarratu duenez, “ia ezinezkoa da gerta daitezkeen aldaketa guztiak aurreikustea, baina behintzat eraldaketarako prestutasuna izatea aurrerapauso handi bat da”. Horregatik, datozen hilabeteetan, Irun2040 egitasmoak aurrera jarraituko du udal lana, Bultzatzaileen Batzordeko eragileen parte-hartzea eta herritarren ekarpenak uztartuz.



