Irungo Udalak bi bisita gidatu berezi antolatu ditu Menchu Gal aretoan ikusgai den ‘Chillida Mendiburu. Denboraren ispilu‘ erakusketaren inguruan. Hitzorduak urriaren 18an eta abenduaren 13an izango dira, biak igandez, 12:00etan, erakusketako komisario diren Estela Solana eta Juan Pablo Huercanosen eskutik. Parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik eman beharko dute izena irunkultura@irun.org helbidera idatzita. Bisita hauen bidez, bertaratzen direnek sakonago ulertu ahal izango dute bi sortzaileen unibertso artistikoa eta espazio berean elkarrizketan jarritako 24 piezak (artista bakoitzaren 12 lan hautatu).
Eduardo Chillida (1924-2002) eta Remigio Mendiburu (1931-1990) eskultoreen obrak bateratzen dituen lehen erakusketa honek materia, espazioa, sormen-prozesua eta naturarekiko harremana lantzen ditu. Eskulturekin batera, Sidney eta A. Lurie Waintrob estatubatuarrek hirurogeiko hamarkadaren erdialdean Mendiburuk Hondarribian zuen tailerrean bi artistei egindako erreportaje fotografiko historikoa ere biltzen da aretoan. Erakusketa 2027ko urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai Menchu Galen, ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara eta igandeetan 11:30etik 13:30era.
Familientzako tailerrak
Bisita gidatuekin batera, erakusketak familientzako doako tailerrak ere eskainiko ditu Maushaus arkitektura-tailerraren eskutik, urriaren 16an, azaroaren 13an eta abenduaren 11n. Saio hauetan, aldez aurretik izena emanda, familiek mostra bisitatuko dute lehendabizi eta jarraian sormen-jarduera praktikoa egingo dute Udal Euskaltegiko instalazioetan.



