Irunek eta erakundeek Ukrainari emandako laguntza ikuspuntu ezberdinetik begiratuta

Ukrainako gerra hasi zenetik, elkartasun- eta laguntza-bide ugari ireki dituzte erakundeek, GKEek eta elkarteek, gerratik ihesi beren herrialdea utzita doazen pertsonei laguntzeko.

Irun hasieratik ari da elkarlanean Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin, Ukrainako herritar horiei bizitokia emateko eta mugitzen laguntzeko. Horrez gain, harreman zuzena dugu Ukraina-Euskadi elkartearekin; izan ere, elkarte honek ordezkaritza bat du hirian, eta bertan, Ukrainako 300 pertsona inguru bizi dira. Bestalde, beste zenbait elkarterekin ere harremanetan gaude, hala nola Chernobil Ekartearekin.

Udalak adierazi duenez, Ukraina-Euskadi elkarteak jakinarazi du lagundu nahi dutenek Pentekoste parrokiara eraman ditzaketela, goizeko 10etatik gaueko 21ak arte, oinarrizko laguntzarako materiala, hotzerako arropa, norberaren garbitasunerako materiala eta galkorrak ez diren elikagaiak. Nafarroako hiribideko denda ukrainarrean ere materiala biltzen ari dira, merkataritza-orduetan. Elkarte horrek, gainera, dohaintzetarako aurrezki-kontu bat du, bidaltze-gastuak ordaintzeko. (ucraniaeuskadi@gmail.com)

Kamioiak eta biltegiratzea

Ukraina-Euskadi elkartearekin irekitako lankidetzaren ildoan, udalari adierazi zioten pabiloi bat behar zutela bidalketen logistika antolatzeko, eta materialak Ukrainako mugara helarazteko garraio-enpresen laguntza ere behar zutela.

Bi kasuetan lagundu ahal izan zaie. Kamioien kasuan, Guitrans Fundaziotik koordinatuta, hiriko hainbat garraio-enpresak errepideko bidalketak finantzatu dituzte haraino, Pentekoste parrokian jasotakoa eramateko.

Orain arte, XPO eta Levatruck enpresetako bi kamioi abiatu dira Polonia eta Ukraina arteko mugarantz –bat iritsi da dagoeneko, eta bestea iristear omen da–, beste enpresa batek, Mercaoilek, dohaintzan emandako gasolioa baliatuz. Bidalketa gehiago ordaintzeko, Guitrans Fundazioak kontu bat zabaldu du bankuan, bazkideen funtsak biltzeko.

Beste laguntza eta informazio batzuk

Gainera, udalak gogorarazten du Unicef, Save the Children, Gurutze Gorria, Caritas, Munduko Medikuak, Mugarik Gabeko Medikuak eta Acnur erakundeek dei egin dutela erakunde horiei dohaintzak eginez dirua biltzeko.

Bestalde, udala dagoeneko lanean ari da Irungo lehen familia ukrainarrek, printzipioz hiriko bizilagunekin zerikusia dutenek, bereziki adingabeak ahalik eta azkarren eskolatze-zirkuituetan, eskola-kiroletan eta abarretan sar ditzaten.

Udalak, halaber, kontuan hartu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren gomendioak Ukrainatik joan diren adingabeen harreraren inguruan  eskaerak egon daitezkela eta, eta gogorarazi du, adingabe bat hartu nahi izanez gero, harremanetan jarri behar dela familiaharrera@gipuzkoa.eus  helbidean edo 943 11 25 22 telefonoan.

Etxebizitza partikularrean Ukrainako pertsona horietako bat bizi dela aitortua izan dadin, prozedura jarraituz kudeatu behar da, eta Errefuxiatuari Laguntzeko Espainiako Batzordearekin harremanetan jarri, horrek laguntzen baitu bizileku-baimenak eta aholkularitza juridikoa tramitatzen (943 242 483).

Familiei bizitokia emateko etxebizitza hutsak eskaintzeko, jarri harremanetan errefuxiatuak@euskad.eus helbidean.

Bestalde, gogorarazi behar da Ukrainako senitartekoen informazioa izateko badagoela zenbaki bat larrialdi kontsularretarako (620 641 324), edo Ukrainako enbaxadak ere badirela Madrilen eta Bartzelonan.

Kontuz iruzurrekin

Era berean, Errusiaren inbasioak herrialdean eragindako gerra dela eta, Udaltzaingoak ohartarazi du iruzur egiten saiatzen ari direla egun hauetan Ukrainarekin bat egiten duen laguntza humanitarioarekin lotuta.

Joan den astean, Gurutze Gorriko arduradunek Udaltzaingoari jakinarazi zioten zenbait pertsona “Ukrainako berreskurapenerako” dirua eskatzen ari zirela kalean, Gurutze Gorriaren izenean. Abisua jaso ondoren, udaltzainak bertara joan ziren, baina une horretan ez zuten inor aurkitu han.

Nolanahi ere, Gurutze Gorriaren helbidearen bidez, baieztatu da ez dagoela kanpaina ofizialik horretarako. Era berean, erakunde horrek Irunen duen ordezkaritzatik jakinarazi dute dirua inoiz ez dutela horrela biltzen eta, beraz, iruzur egiten ari direla

Ukrainaren Alderen salaketa

Ukrainar errefuxiatuen jarioa etengabea izan da azken asteetan. Ukrainaren Alde antolakundeak salatu duenez ordea,  Udalek eta Eusko Jaurlaritzak ez diete errefuxiatuen berehalako beharrei erantzun.

Hilaren 5ean, lehen prentsa-ohar baten jakinarazi zenez Eusko Jaurlaritzak Irunen errefuxiatuentzako aterpetxe bat irekitzeko asmoa zuen martxoaren 12ko eta 13ko astebururako 150 plazarekin.

Martxoaren 11n bertan, Lehendakaria Gordailu eraikinean Bidean Dauden Migratzaileei Premiazko Harrera Egiteko Erakundearteko Koordinazio-mahaiaren bileran parte hartu zuen.

Bestalde, Ukrainako errefuxiatuak  jasotzeko postak 1.700 harrera-familien eskaintza jaso zuen egun gutxitan.

Errealitatea ordez, guztiz bestelakoa da egun. Izan ere, gaur egun ez dago harrera-familien berririk eta Irunen prestatutako 150 plazak dituen aterpetxea erabat itxita dago. Ukrainaren Alde antolakundeak salatu duenez , beste behin ere, Gurutze Gorria, CEAR, erakunde erlijiosoak eta familia ukrainarren komunitatea inguruko hirietara tantaka iristen ari diren familiei harrera egiteaz arduratzen ari dira.

Ukrainaren Alde antolakundeak honako galderak gehitu ditu prentsa-oharraren amaieran:

“Gure buruari galdetzen diogu: zergatik jarraitzen du  Irungo aterpetxeak itxita? Non daude 1700 harrera-familiak? Nor jarri da harremanetan ukrainar errefuxiatuak hartu dituzten familiekin zerbait behar ote duten jakiteko? Kasu gehienetan, familia etorkin xumeak dira, familia-unitatea hainbat kidetan handitu dutenak. Laguntza motaren bat eman al zaie familia horiei, hala nola laguntza ekonomikorik, elikagaien bankuaren babesik,  informatzeko lekurik, zerbitzu psikologikorik, etab.?

Beste behin ere, Euskadiko ukrainarren kolektiboa lan onaren lezioa ematen ari zaigu.

Gure hautetsiei bakarrik eskatzen diegu jakin dezatela kolektibo horien eta egoeraren mailan egoten. Pilak jartzea eta prentsari titular faltsurik ez eskaintzea argazkian ondo geratzeko, baizik eta errefuxiatuen, Euskadin bizi diren familien eta harrera egin dieten bertako familien premiarik premiazkoenak eta berehalakoenak asetzeko benetako konponbideak eskaintzeko.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude