Colón ibilbideak “Kirola Par(t)ekatuz – Igande Sasoi” ekimenaren laugarren edizioa hartuko du datorren igandean, urriak 18. Sandra Caballero Kiroleko ordezkariak eta Parean Elkarteko ordezkariek aurkeztu dute hiriko etorbide nagusia kirolerako zabalduko duen egitasmoa. Ekimenaren helburu nagusia da kirola emakumeen artean bultzatzea, berdintasunaren ikuspegia txertatuz eta emakume zein neska bakoitzak gustuko duen diziplina aurki dezan espazio seguru eta eroso bat eskainiz.
Goizeko 10:30etik 13:30era bitartean, bertaratzen direnek askotariko modalitateak doan probatzeko aukera izango dute, hala nola eskubaloia, atletismoa, gimnastika artistikoa, saskibaloia, arrauna, squasha, boleibola, errugbia, hipika edota xakea. Guztira hiriko 20 kirol-klubek parte hartuko dute beren jarduera ezagutarazteko. Horrez gain, 11:00etan 5 kilometroko emakumeen lasterketa abiatuko da Zabaltza plazatik (aldez aurretik izena eman gabe parte har daitekeena), eta goizean zehar adinekoentzako gimnasia, gimnastika artistiko zein parkour erakustaldiak eta Barre Fit saioak egingo dira. Parte-hartzea suspertzeko kirol-ginkana bat ere antolatu da: kartillan hainbat diziplinatako zigiluak biltzen dituztenen artean, kluben materialak (baloiak, motxilak, kamisetak edo piragua bonuak) zozketatuko dira 13:00etan.
Emakume kirolari berrien bila
Ekitaldiari oihartzuna emateko, Antxeta Irratiak zuzeneko saio berezia egingo du kalean emakumeen kirolari ahotsa emateko eta parte hartzen duten klubak elkarrizketatzeko. Halaber, Parean Elkarteak gidaliburu berezi bat plazaratu du, hiriko 33 klubek emakumeentzat duten kirol-eskaintza, talde mistoak, adinak eta harremanetarako datuak biltzen dituena.
Igande Sasoian ohikoa den bezala, Colón ibilbidea (Iparralde eta Gipuzkoa hiribideen artean) oinezkoentzat eta txirrindularientzat soilik egongo da zabalik, zirkulazioa moztuta egongo da inguruko bideetan eta aldaketak egingo dira hiri-autobusen ibilbideetan.



