“Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikanoen Elkarteak antolatuta, ‘Memoria historikoa gazteen begiradatik’ erakusketa ikusgai dago dagoeneko Palmera Montero gunean, eta urriaren 25era arte egongo da zabalik. Erakusketak Eguzkitza ikastetxe publikoko 2025-2026 ikasturteko DBHko 4. mailako ikasleek sortutako lanak biltzen ditu; zehazki, Bigarren Errepublika, kolpe militarra, gerra eta frankismoaren diktadura (1930etik 1980ra bitarteko garaia) lantzen dituzten komikiak eta azalak aurkezten dira bertan, trantsizioari buruzko aipamen labur batekin amaituz.
Proiektua Gorka Alijostes historia-irakaslearen gidaritzapean burutu dute gazteek, eta sormen-prozesuan adimen artifizialeko tresnak ere erabili dituzte laguntza gisa. Arlo pedagogikoari dagokionez, ikasleek bakarka zein taldeka lan egin dute garai historiko horiei buruzko hausnarketa egiteko. Lan hauen helburua izan da sistema demokratiko baten (eskubideak, askatasuna eta berdintasuna ardatz dituena) eta diktadura baten arteko kontrastea modu kritiko eta didaktikoan ulertzea eta irudikatzea.
Elkarte antolatzaileak azpimarratu du erakusketa honek balio berezia duela, Irungo gazteen ikuspegia eta ahotsa plazaratzen dituelako gure historia hurbilaren inguruan. Era berean, eskerrak eman dizkiete parte hartu duten ikasle guztiei eta irakasleari, iraganeko gertaerak ezagutzeko eta lantzeko erakutsitako konpromisoagatik, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte gazte hauen begiradaren bidez denboran zeharreko bidaia hau egitera.



