Amaia KZ kultur guneak Marrazketa eta Pintura Udal Akademiako ikasleek 2025/26 ikasturtean egindako lanen aukeraketa bat hartuko du datorren ostiraletik, maiatzak 22, aurrera. Erakusketa honek adin guztietako pertsonen proposamenak bilduko ditu maiatzaren 31ra arte, igandea, eta ikasturtean zehar abian jarritako sorkuntza prozesuak erakutsiko ditu.
Guztira, 6 urtetik 95 urtera bitarteko 70 parte-hartzailek egindako 200 obra baino gehiago egongo dira ikusgai. Nuria Alzaga Kultura ordezkariak, Rakel Salinas eta Xabier Arribas akademiako irakasleekin batera, ekimenaren berri eman du gaur, ikasleen lana eta talentua balioesteko urteroko hitzordu honek duen garrantzia azpimarratuz.
Erakusketaren edukiak adin-taldeen arabera egongo dira banatuta, bakoitzak bere berezitasunekin:
- Helduen taldea: Programazio didaktikoaren inguruko lanak (planteamendu kubistetan eta Maria Blanchard margolarian inspiratutakoak) eta proiektu pertsonalak aurkeztuko dituzte. Era berean, “Vivero-Hazitegia” proiektuaren emaitza diren lanak ikusgai egongo dira, boligrafo urdinez eginak eta Clara Peetersen obran oinarrituak.
- Gazte taldea: Martindozenea Gaztelekuan egindako “Artistak gara” erakusketako lanak eramango dituzte Amaia KZra.
- Haur taldea: Ohikoak ez diren materialekin (oihalak, alanbrea eta akuarelak) egindako hiru dimentsioko lanak nabarmenduko dira haien eremuan.
Ostiralean inaugurazioa
Erakusketa ostiral honetan, maiatzaren 22an, inauguratuko da arratsaldeko 19:00etan. Hortik aurrera, bisitariak asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara hurbildu ahal izango dira, eta igande zein jaiegunetan, aldiz, goizeko 11:30etik 13:30era. Ekimen hau Anaka auzoko Fabiola Erregina kalean kokatuta dagoen Udal Akademiaren urte osoko jardunaren isla da, herritarrei sormenerako espazio ireki bat eskaintzen diena.



