Super Amara BATeko 20 urtez azpiko bi taldeek Espainiako Finala jokatuko dute

Super Amara BAT klubak beste orrialde gogoangarri bat idatziko du asteburu honetan bere ibilbidean. Estreinakoz klubaren historian, 20 urtez azpiko gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak elkarrekin lehiatuko dira Espainiako Kluben Txapelketako A Finalean, estatuko klub onenaren titulua eskuratzeko borrokan. Hitzordua datorren larunbatean, urriak 24, izango da Madrilgo Tres Cantos udalerrian. Denboraldiaurre betean murgilduta dauden arren, atleta gazteak sasoiko iritsiko dira maila bakoitzeko zortzi talde indartsuenen artean ahalik eta posturik gorena lortzeko helburuarekin.

Gizonezkoen taldeak (BATBOYS) iaz lortutako bosgarren postu bikaina hobetzeko erronka handia izango du aurretik. Rankingean seigarren postutik abiatuko dira bidasoarrak, eta estatuko punta-puntako aurkariak izango dituzte aurrez aurre: Facsa-Playas de Castellón, FC Barcelona, A.D. Marathon, Trops-Cueva de Nerja, Atletismo Albacete, Unicaja Jaen Paraiso Interior eta A.D. Sprint. Mutilen bloke orekatu eta lehiakorrak banakako proba guztietan zein 4×100 eta 4×400 metroko erreleboetan banatuko ditu indarrak, pista gainean puntu bakoitza borrokatzeko asmoz.

Emakumezkoen taldeari dagokionez (BATGIRLS), debuta egingo dute 20 urtez azpiko kategoria honetako A Finalean, estatuko zortzi elastiko indartsuenen artean lehiatuz. Neskak rankingeko laugarren postutik abiatuko dira estreinaldi honetan, eta maila handiko arerioei aurre egin beharko diete: Diputación Valencia C.A., Facsa-Playas de Castellón, Trops-Cueva de Nerja, A.D. Sprint, Sanysec-Club Ourense Atletismo, A.D. Marathon eta Alcampo Scorpio 71. Taldeak bloke sendoa osatu du abiadura, jauzi, jaurtiketa eta errelebo probetan puntuak batzeko.

Txapelketaren atarian, Bidasoa Atletiko Taldeko arduradunek eskerrak eman nahi izan dizkiete beste behin ere klub filialei, hitzordu historiko honetan parte hartzeko euren atletak utzi eta erakutsitako lankidetza estuagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude