Zilarrezko Haria ekimenaren Sprint Solidarioa hartuko du ostiralean Palmera Montero guneak

Nagusilan elkarteak, Irungo Udalaren laguntzarekin, Zilarrezko Haria deiak egiteko Sprint Solidarioa antolatu du datorren ostiralean, urriak 23, Palmera Montero gunean. Goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean egingo den jardunaldi honen helburu nagusia adinekoen nahi gabeko bakardadeari buruzko kontzientzia zabaltzea eta elkarteak eskaintzen duen doako telefono bidezko laguntza ezagutaraztea da. Lau orduko saioan zehar, sei telefono-postuz osatutako zentralita batetik 200 dei egitea eta adinekoekin guztira 12 orduz hitz egitea aurreikusi dute antolatzaileek, boluntarioen ordu erdiko txanden bidez.

Ekimenaren aurkezpenean, Cristina Laborda Irungo alkateak azpimarratu du adinekoek beren bizitzaren protagonista izaten jarraitu behar dutela modu autonomoan eta gizartean aktiboki parte hartuz: “Nahi gabeko bakardadeari heldu behar diogu; gertutik egon behar dugu, entzun eta elkarri laguntzeko sareak sortu. Nagusilanen gisako ekimenek gogorarazten digute dei batek eta solasaldi batek alde handia egin dezaketela”. Ildo beretik, Iosu Iguiñiz Gizarte Ongizateko zinegotziak elkartearen lana eskertu du, ekitaldi honek bakardade-egoeran daudenei “esperantza-izpi bat” ematen diela eta beren harreman-sarea zein osasuna indartzen laguntzen duela nabarmenduz.

Zilarrezko Haria

Zilarrezko Haria zerbitzuak aldizkako deiak egiten ditu adinekoei entzuteko, hitz egiteko eta konpainia egiteko. Juan Carlos de Benito “Lalo” eta Rebecca Greig boluntarioek azaldu dutenez, ez da larrialdietarako edo osasun-arretarako gune bat, baizik eta entzuteko, eguneroko gauzei buruz lasai hitz egiteko eta gertutasuna eskaintzeko prest dagoen sare herritarra.

Ostiraleko sprintak, sentsibilizatzeaz gain, boluntario berriak erakartzeko eta laguntza behar duten pertsonak identifikatzeko balioko du, betiere haien baimenarekin. Zerbitzuan parte hartu edo informazioa jaso nahi dutenek doako 900 713 771 telefono-zenbakira dei dezakete urte osoan zehar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude