Bidasoa taldearen emakumeen senior talde berria, etorkizuneko harrobiari ateak irekitzeko proiektua

Bidasoa Kirol Elkarteak aurtengo denboraldian lehen aldiz atera du emakumeen senior mailako talde bat, Alkain Bidasoa Irun. Hain zuzen ere, lehiaketan ari da dagoeneko eta jokatu ditu jada denboraldiko lehen partiduak. Eñaut Uruñuelak, Bidasoa klubeko emakumeen arloko arduradunak, emakumeak kirolera gerturatzeko proiektu berri honen inguruko xehetasunak azaldu dizkigu.

Azken urteetan behin baino gehiagotan entzun dugu klubean emakumeen senior taldea sortzeko asmoa zegoela eta iritsi da azkenean momentu hori. Nolakoa izan da prozesua?

Aipatu duzun moduan, pare bat urte eman ditugu Bidasoa klubean eskubaloiko nesken senior taldea atera nahian. Orain arte zaila izan da, behin kategoria horretara iritsita, neskek ez zutelako jokatzen jarraitzeko talderik. Ondorioz, eskubaloian aritzen jarraitzeko beste talderen bat bilatu behar izaten zuten. Pasa den urtean hasi ginen jada proiektua martxan jartzeko ahaleginean. Neska talde batekin hitz egiten aritu gara horretarako, proiektura batuko ote ziren jakiteko, eta baita klubean jada bazeuden beste batzuekin ere. Horrela, aurten senior mailako nesken talde bat sortzea lortu dugu eta ligan parte hartzen hasi gara.

“Gehienbat Irun eta Hondarribiko neskekin osatu dugu taldea”

Bidasoa taldeak aurretik bazituen nesken taldeak beste maila batzuetan, baina senior taldea falta zen. Maila txikiagoetan jada neskak edukitzeak bidea erraztu du?

Gehienbat Irun eta Hondarribiko neskekin osatu dugu taldea. Talde hau sortu aurretik, bagenituen jada nesken taldeak haur, kadete eta gazte mailetan eta baita eskolan ere, eskubaloian aritzen diren neska txikiak ere bai baititugu dagoeneko. Talde berri hau osatzen duten neska gehienak aurretik klubean aritutakoak dira. Hala ere, badira kanpokoak diren pare bat neska, ikasketa edo lan kontuengatik orain hemen inguruan bizi direnak eta gurekin harremanetan jarri zirenak taldera batzeko.

Klubarentzat ona da senior mailan emakumeen talde bat edukitzea, nolabait, talentu horrek Bidasoatik alde egin ez dezan, ezta?

Egia esan, klubarentzat aurrerapauso bat izan da talde honen sorrera. Aurreko urteetan kadete eta gazte mailetan izan ditugun taldeak nahiko ondo ibili dira, Espainia mailan eta Euskadiko maila gorenean jokatzera iritsi direlako. Pena da maila horietan ondo ibili ostean gero senior mailan jokatzeko aukerarik ez izatea. Mailaz maila kategoria berriak sortzen saiatu gara, eta gauzak horrela, orain gazte mailan daudenak datorren urtean senior kategoriara igaro ahal izatea espero dugu, pixkanaka bloke oso bat sortzeko.

Emakume talde hau sortzea kluba hazteko beste bide bat da.

Nik beti aipatu izan dut, larunbatean lehen taldea ikustera etortzen zarenean neska asko ikusten dituzula kamisetarekin edo partidua ikusten. Baina bai nabari da horietako askok ez dutela klubean jokatzen. Beraz, nesken senior taldea edukita, haiek erreferentetzat hartu ditzakete. Agian horrela, emakume edo neska gehiago animatu daitezke eskubaloian aritzera, klubean jokatu ahal izateko aukerarekin.

“Egia esan, klubarentzat aurrerapauso bat izan da talde honen sorrera”

Hori da, jada klubean dauden neska txikientzako erreferenteak izan daitezke, ezta?

Nire ustez, hori da ideia. Jendeak ikustea hemen senior neskek eskubaloian jokatzeko aukera dutela. Horrela, txikiagoak direnek beraiek ere bertan jokatu nahi dutela edo haiekin batera jokatu nahi dutela pentsatu dezakete. Adibidez, neskaren bat entrenatzaile bezala sartuz gero, ba berarekin entrenatzeko gogoa ere izan dezakete. Beraz, nire ustez, hori sustatzen saiatu behar gara. Aurrerapauso bat bada behintzat talde honen sorrera lortzea.

Aurten ateratako talde berri hau zein mailatan lehiatzen ari da orain?

Gipuzkoa mailako txapelketaren barnean, bi talde daude. Talde sortu berria denez eta lehiaketan lehen urtea dugunez, gu bigarren mailan sartu gara. Orain arte, denboraldiaren lehen zati honetan 3 partidu jokatu dituzte eta hiru horietan garaipena lortu dute. Ondorioz, oso pozik daude egindako lanarekin.

Taldea berria izate horrek motibazio eta gogo gehigarria ematen diela esango zenuke?

Bai, ez haiek bakarrik, gu guztiok oso kontent gaude egiten ari diren lanarekin. Aurrerantzean, espero dugu bide beretik jarraitzea.

Orokorrean, zeintzuk dira taldearen helburuak, bai emaitza eta baita kirol aldetik ere?

Jakin badakigu hasierak zailak izaten direla, beraz, saiatu behar gara pixkanaka-pixkanaka aurrera egiten. Noski, saiatu behar gara, gure gaitasunen barruan, ahalik eta hoberen egiten eta argi dago hori gure helburua izango dela. Poliki-poliki aurrera egiten jarraitu nahi dugu, apurka-apurka mailaz igo eta atzetik datozen jokalariekin zer egin dezakegun ikusteko.

“Agian horrela, emakume edo neska gehiago animatu daitezke eskubaloian aritzera, klubean jokatu ahal izateko aukerarekin”

Orain sortutako talde berri hau, ba al da etorkizunera begirako urratsa ere, hau da, epe luzera egin nahi den apustu bat?

Bai, hori da. Hau ez da urte bat edo bira begira sortu den zerbait. Talde hau sortzeak lan bat izan du atzetik eta orain ezin dezakegu bat-batean galtzera bota. Lortutakoa aurrera eramaten saiatuko gara, poliki bada ere, atzetik datozen belaunaldi guztiek bertan parte hartzeko aukera izan dezaten.

Behin proiektua sortuta eta ezagutzera emanda, ba al dago oraindik talde berri honetara batzeko edo eskubaloia probatzeko aukerarik? Zalantzan egon daitezkeen horiei begira.

Gu klubean jende berria jasotzeko guztiz irekita gaude eta edonork eskubaloiaz gozatu ahal izatea nahiko genuke. Beraz, norbaitek kirol hau probatu nahiko balu, gurekin harremanetan jarri beharko luke. Horrela, gurekin jokatuz eta jolastuz ondo pasatu daitekeela deskubrituko luke.

 

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude