Biharko, urriak 31, Frantziako Poliziak mugan kontrolak berriro ezarriko dituela aurreikusita, Irungo Udalak adierazpen instituzionala onartu du gaur, hiru erabaki nagusi mahai gainean jarrita. Neurri horien bidez, udalak mugaz bi aldeetako herritarren joan-etorri askea bermatzea eta eskualdeko trafikoan sortu ohi diren trabak eta kolapsoak saihestea du helburu.
Lehenik eta behin, Irungo Udalak eskaera formala egingo dio Espainiako Gobernuari, Frantziako Gobernuari Santiago zubiko, Behobiako eta Biriatuko mugako pasabideetan ezarritako kontrolak bertan behera utz ditzala eskatzeko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari dei egin dio trafikoaren egoerari buruzko informazioaren koordinazioa bere gain har dezan, errepideetako afekzioen berri modu bateratuan eta eraginkorrean helarazteko gidariei. Azkenik, zirkulazioaren kudeaketa arintzeko asmoz, Irungo Udalaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza eta esku-hartze bateratuak indartuko dira datozen egunetan.



