Behar Bidasoak Irun eta Ruandaren arteko 50 urteko lankidetza bildu du Palmera Monteron 

Behar Bidasoa elkarteak bere 50. urteurrena ospatzeko antolatutako «Kabuga: 50 urteko bidea» erakusketa inauguratu du Irungo Palmera Montero zentroan. Kutxa Fundazioak kofinantzatutako erakusketa azaroaren 7tik 27ra egongo da zabalik, eta Irun eta Kabuga (Ruanda) herrien arteko bost hamarkadako lankidetzaren eta elkartasunaren historia hurbiltzen die herritarrei.

Harreman estu hori 1976an abiatu zen, Jose Ramon Amunarriz misiolaria Ruandako paraje haietara iritsi zenean; une hartatik aurrera, Irunekin batera egindako bide partekatu batek forma hartu zuen, herritarren bizi-baldintzak hobetzeko ekimen ugariren bidez.

Ibilbide honen mugarri nagusiak hamar paneletan jaso dira, eta urte hauetan guztietan garatutako esku-hartze eremuak xehatzen dituzte: hezkuntza, ur-hornidura, etxebizitza, emakumeen ahalduntzea eta komunitatearen garapena, besteak beste. Panelez gain, bildumak proiektuei bizia eman dieten dozenaka lagunen erretratuak biltzen ditu. Aurpegi eta begirada horiek pertsonak jartzen dituzte erdigunean, lorpen eta aurrerapauso bakoitzaren oinarrian dauden giza loturak eta istorio pertsonalak balioan jarriz.

Berrogeita hamar urteko bidea ospatzeaz harago, ekimenak herritarrak sentsibilizatzea eta lankidetzak errealitateak eraldatzeko duen indarra aldarrikatzea du xede, elkartasunak oraindik ere berebiziko garrantzia duela gogoraraziz. Gainera, erakusketak webgune osagarri bat du , bisitariek lankidetza-harreman horren historia sakonago ezagutu eta informazioa zabaldu ahal izan dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude