Aduana Zaharreko 7. eta 8. pabiloiak eraberritzeko lanak onetsi ditu Udalak

Irungo Udalak urrats berri bat eman du Aduana Zaharra berreskuratzeko prozesuan, Tokiko Gobernu Batzarrak eraikin historikoko 7. eta 8. pabiloiak eraberritzeko obren kontratazioa onetsi baitu. Proiektuak 1,4 milioi euro inguruko aurrekontua du, eta bi helburu nagusi beteko ditu: batetik, bi pabiloi horien estalkiak, fatxadak eta egiturak birgaitzea; eta, bestetik, 3. eta 4. pabiloietako zenbait elementu osagarri partzialki eraistea, horiek obren garapena oztopatzen baitute. Lan hauek 2024ko martxoan hondakinak kentzeko egindako garbiketei eta 2025eko otsailean buru-eraikinean abiatutako zaharberritzeari jarraipena ematen diete.

Jarduketa teknikoen artean, eraikinen estankotasuna bermatzeko estalkiak berrituko dira, egoera onean dauden metalezko egiturak kontserbatuz eta egokituz. Halaber, fatxadak leheneratzeko babes-tratamenduak aplikatuko dira, egiturazko elementuak konponduko dira eta oinarrizko instalazioak —hala nola euri-urak biltzeko sarea eta argiztapen orokorra— hobetuko dira. Horrez gain, behin-behineko itxiturak jarriko dira leihoetako baoetan eta sarbideetan, barrualdea baldintza meteorologikoetatik babesteko eta etorkizuneko esku-hartzeak baldintzatu gabe kontserbazioa ziurtatzeko.

Esku-hartze hau Vía Irun hiri-berroneratze proiektu nagusiaren barruan kokatzen da. Cristina Laborda Irungo alkateak nabarmendu duenez, eraikinak iraganean izandako indar ekonomikoa berreskuratuko du laster, Vía Iruneko Hiri Barruti Berritzaile bihurtzen denean, eta horri esker «biozientzietako proiektu estrategikoa gauzatu ahal izango dugu». Alkatearen hitzetan, «kontua ez da soilik Aduana Zaharra behin izan zena berreskuratzea, baizik eta lan egitea Irunentzako nahi duguna berriro irudikatzeko: jarduera, lanerako aukerak eta etorkizuna».

Aduana Zaharra

Aduana kaleko 18. zenbakian kokatuta dagoen eraikina 1882ko urrian inauguratu zen, eta 1993an itxi zutenetik narriatuta egon da. Egokitzapen-prozesua 2023ko maiatzean abiatu zen, Udalak higiezina Estatuko Administrazio Orokorrari 1,6 milioi euro inguruan erosi zionean, eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren dirulaguntzari esker ari da gauzatzen. Azken helburua eraikin multzoa “iHub” inklusibo eta adimendun bihurtzea da, berrikuntza, kohesio ekonomiko eta soziala, eta eraldaketa digital zein ekologikoa ardatz hartuta trenbide-ingurutik berreskuratutako eremuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude