Bi garaipen eta bi txapeldunordetza lortu ditu Super Amara BATek Euskadiko Kluben Txapelketetan

Super Amara BAT atletismo klubak Euskadiko harrobi indartsuena duela berretsi du beste behin. Joan den larunbatean, azaroak 14, Durangon jokatutako 16 urtez azpikoen eta 18/20 urtez azpikoen Euskadiko Kluben Txapelketetan, Irungo elkartea izan zen lau kategorietan taldea aurkeztu eta guztietan podiumera igotzea lortu zuen klub bakarra, bi titulu eta bi bigarren postu eskuratuz.

16 urtez azpiko gizonezkoen taldeak Euskadiko txapeldun titulua jantzi zuen 62 punturekin, C.A. Barakaldori sei puntuko aldea aterata. Maila horretan bost proba indibidual irabazi zituzten irundarrek: Ekaitz Pascalek 100 metrokoan (12,14 s), Adur Errazquinek 1.000 metrokoan (2:45,37), Yuxuhan Zhuk altuera-jauzian (1,63 m), Imad Zuhaitz Urrutiak jauzi hirukoitzean (14,05 m) eta Adur Muñozek pisu-jaurtiketan (10,68 m), 4 × 300 metroko erreleboan bigarren amaitzeaz gain (2:44,30).

16 urtez azpiko emakumezkoek, bestalde, txapeldunordetza erdietsi zuten 58 punturekin, Real Sociedad txapeldunaren atzetik (67 puntu) eta C.A. Barakaldoren aurretik (55 puntu). Nora Gonzálezek 300 metro hesietan lortutako garaipenak (48,17 s) eta Eider Eizagirrek pisu-jaurtiketan marka pertsonalarekin egindako lehen postuak (8,68 m) bultzatu zuten taldea. Horiei Aiala Larruskainen bigarren postua jauzi hirukoitzean, Paula Boneden hirugarrena 300 metroetan eta 4 × 300 metroko erreleboaren hirugarren postua gehitu zitzaizkien.

18/20 urtez azpiko kategorian, emakumezkoen taldeak lehia estuan lortu zuen Euskadiko txapela 68 punturekin, Real Sociedadek baino puntu bakarra gehiago bilduta. Hai Duong Alzagak 400 metroko proba irabazi zuen (59,63 s), Naia Piquer 800 metroetan nagusitu zen marka pertsonalarekin (2:21,17), eta Naia Llorentek altuera-jauzia irabazi zuen (1,62 m); azkenik, Alzagak, Izaskun Sanzek, Nerea Lópezek eta Leire Martiarenak osatutako 4 × 400 metroko erreleboak garaipenarekin itxi zuen jardunaldia (4:04,45).

Gizonezkoetan, berriz, 18/20 urtez azpiko taldea txapeldunorde izan zen 58 punturekin, Real Sociedaden atzetik eta Tolosa C.F. taldeari bi puntuko aldea aterata. Seckou Sissokok 200 metroetan (22,19 s, marka pertsonala), Markel Garranchok 400 metroetan (49,83 s) eta Eñaut Arburuak 400 metro hesietan (55,71 s) lehen postuak lortu zituzten, eta hirurek, Hugo Vázquezekin batera, 4 × 400 metroko erreleboa ere irabazi zuten (3:21,91). Denboraldi-aurrean egon arren, klubeko ordezkariek nabarmendu dute atletek sasoi betean daudela erakutsi dutela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude