Irungo Udalak behin betiko onartu du Isuri Gutxiko Eremuaren proiektua

Irungo Udalak urrats berri bat eman du Isuri Gutxiko Eremuaren (IGE) tramitazioan, proiektua behin betiko onartuta. Atzo, asteartea, azaroak 17, Jasangarritasun Energetikoaren Partaidetza Batzordearen bilkura egin zen, eta bertan jendaurreko erakustaldian jasotako alegazioen, egindako azterketa teknikoaren eta proposatutako erantzunen berri eman zen. Partaidetza-prozesu horretan, guztira 270 alegazio aurkeztu zaizkio IGEren proiektuari eta 267 ordenantza arautzaileari —bi prozeduretan, 253 idazki alegazio-eredu berari dagozkio—. Udaleko zerbitzu teknikoek ekarpen guztiak baloratu dituzte, eta horietako batzuk dagozkien dokumentuetan txertatuko dira.

Erantzunen jakinarazpenari dagokionez, proiektua behin betiko onartuta dagoenez, Udala dagoeneko hasiko da alegazioak aurkeztu zituzten pertsona eta erakundeei erantzunak bidaltzen; ordenantzari buruzkoak, berriz, Udalbatzak araudia onartu ostean erantzungo dira. Sergio Javier Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak herritarren partaidetzaren balioa nabarmendu du prozesu honetan: «Parte-hartze publikoko prozesuek aukera ematen digute hainbat iritzi entzuteko, proposamenak jasotzeko eta proiektuak hobetzeko, behin betiko onartu aurretik. Jasotako alegazio guztiak aztertu ditugu, eta horietako batzuek dokumentuetan hobekuntzak sartzea ahalbidetuko dute».

Tramitazioarekin jarraitzeko, hurrengo pausoa eremuaren funtzionamendua arautuko duen ordenantza azaro honetan egingo den Udalbatzaren osoko bilkurara eramatea izango da, eztabaidatu eta onar dadin. Hala ere, Udalak argitu du dokumentu horiek onartzeak ez duela berehalako murrizketarik ekarriko, Isuri Gutxiko Eremua ez baita 2028ko lehen seihilekora arte indarrean sartuko. Egutegi horri esker, araudia martxan jarri aurretik, herritarrei informazio zabala emateko eta egoera berrira egokitzeko denbora izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude