A&B Showsek ideia eroenak publiko mota guztientzako ikuskizun bihurtzen ditu

A&B Shows proiektua sormenari bide eman eta eskualdeko kultur eskaintzan zegoen hutsune bat betetzeko asmoz sortu zen. Horrela, Asier Burguetek eta Alex de las Herasek euren pasioa profesionalizatzea erabaki zuten. Irunen sustraituta egon arren, Estatuko zein Frantziako hainbat txokotara iritsi dira jada, antzerkia eta zirkua uztartzen dituzten ikuskizun harrigarrekin.

Asier Burguetek azaldu duenez, biak ala biak “oso saltseroak” izateak eta herriko kultur elkarteetan aritzeak bultzatu zituen pausoa ematera, Santiagoko Deabruak elkartean elkar ezagutu ostean; horrela, “ordura arte amateurra izan zen zerbait profesionalizatzea” erabaki zuten. Alex de las Heras, bere aldetik, Frantzian animazio-buru gisa 11 urteko esperientzia zuen arren, proiektu berri honen alde apustu egiteko prest agertu zen, betiere helburu argi batekin: “gauza polit bat sortzera joateko bazen utzi behar nuen soilik nire lana, merkatuan bere pisua izango zuen gauza bat egiteko bakarrik”.

Gazteak izanik proiektuari heltzeak zirrara eragiten zien, batez ere “ia enpresa ezagutzarik izan gabe” animatzaile eta aktore hutsak zirelako hasieran. Gai administratibo eta ezezagunek nolabaiteko beldurra ematen bazieten ere, gaur egun bikain moldatzen dira.

“Irundarrok ere gauza handiak egin ditzakegulako”

Asier Burguete, A&B Showseko kidea

A&B Shows-en argi utzi dute ez dutela mugarik. Berriki, Castellóko zein Vigoko ekitaldietan aritu dira, baita Frantzian Hossegorreraino iritsi ere; izan ere, Asierrek dioen bezala, “deitzen diguten edozein lekura” mugitzeko prest daude. Hala ere, euren bihotza Irunen dagoela azpimarratu dute, eta ideia berri bat duten bakoitzean “interesatzen zaion lehena Irun izan dadin” saiatzen dira. Etxean lan egitea erosoagoa izateaz gain, hiriko kultura babestu eta bultzatzeko konpromiso sendoa dutela adierazi dute.

Ikusgarritasunetik gertutasunera

Orain arteko erronkarik garrantzitsuena Irungo Gabonetako argiak pizteko ekitaldia antolatzea izan dela aitortu dute, hilabete askotako lana eta urduritasun handia eragin zien proiektua. Asier Burgueteren ustez, aukera hau “aurrerapauso bat emateko modua” izan zen, baita aldarrikapen bat ere: argi utzi nahi izan zuten ez dela kanpoko konpainia handirik ekarri behar gauza ikusgarriak egiteko, “Irundarrok ere gauza handiak egin ditzakegulako”. Biak gainera oso zorrotzak direnez, dena perfekzioz ateratzea zen euren helburu nagusia, konfiantza horri erantzuteko.

A&B Shows konpainiak ez du mugarik tamainari dagokionez, eta erronka handiei beldurrik ez dieten arren, formatu txikiagoak ere aldarrikatzen dituzte “kultura behar gaituzten lekuetan sustatzeko”. Horren adibide garbia da Petit Circus proiektua; Alexek azaldu duenez, formatu hau auzo edo herri txikiagoetara iristeko sortu dute, leku guztiak ez direlako 60.000 biztanleko hiriak eta aurrekontuak egokitu behar direlako. “Antzerki intimo eta txiki bat sortu dugu, eta gainera erraz mugi daitekeena”, azaldu du. Emanaldi bakoitzean 20 pertsona inguru hartzen dituen karpa mugikorraren bidez antzezlan handiak iritsi ezin diren txokoetara iristeko asmoz egin dute.

Pasioz egindako lana

Bakoitzaren sentimenduez galdetuta, Alex de las Herasentzat, aurten Irungo argien piztea eta ondorengo kalejira kudeatzea izan da proiekturik bereziena, herrian bertan “zer egiteko gai garen erakusteko modu bat” izan delako. Konpainia handien mailan egon daitezkeela frogatzeaz gain, herritarren eta Udalaren harrera onak asko markatu du: “Gabonetako argiak pizteko ekitaldian jendea txunditzea lortu genuen eta Udala ere oso pozik dago”, gaineratu du Alexek, Argiren emanaldiak lortutako oihartzunarekin pozik.

Asierrek, aldiz, bi kutsu ezberdineko proiektuak nabarmendu ditu. Alde batetik, Petit Circus, hutsetik sortutako formatu txiki eta intimoa delako: “jendeari hori ere gustatzen zaiola ikusteak ez du preziorik”, dio, ikusleen aurpegiak eta espresioak gertutik sentitzea balioetsiz. Bestetik, emozioz gogoratzen du Irungo Errege Kabalgata lehen aldiz ireki zutenekoa, txikitan hainbat elkarterekin parte hartu ostean, bere konpainia propioarekin amets hori betetzea “ikaragarria” izan baita berarentzat.

Eszenatokitik kanpoko lana

Ikuskizun bakoitza aurrera ateratzeko, baliabide pertsonal zein materialen kudeaketa zehatza egiten dute A&B Shows-en, antzerkiaren eta zirkuaren arteko oreka bilatuz. Burguetek azaldu duenez, kontaktuen zerrenda zabal bati esker, ekitaldi bakoitzera egokitzen diren profilak aukeratzen dituzte: “denetarik pixka bat dugu: zangaluzeak, sua botatzen dutenak, malabaristak edo aireko artistak”. Materialari dagokionez ere, ez dira erosotasunean gelditzen eta sektoreko berrikuntzen bila aritzen dira etengabe. Alex de las Herasen hitzetan, helburu nagusia ikuslea beti harritzea da, batez ere etxean: “Irunen lan asko egiten dugu eta ez dugu nahi jendeak senti dezan beti gauza bera egiten dugula”. Horregatik, etengabeko berrikuntza da euren arrakastaren gakoa, proiektu bakoitzari ukitu berezi eta ezberdin bat emateko asmoz.

“Gabonetako argiak pizteko ekitaldian jendea txunditzea lortu genuen eta Udala ere oso pozik dago”

Alex de las Heras, A&B Showseko kidea

Eszenatokiaren atzean ikusten ez den lan asko dagoela azpimarratu dute A&B Shows proiektuko bi kideek, sormen prozesuak “lanordu asko eta asko” eskatzen dituelako. Asier Burguetek azaldu duenez, inspirazio bila kanpora begiratzen dute maiz, Kataluniara adibidez, arte eszenikoetan erreferenteak baitira; baina betiere euren estilo propioa mantenduz: “Bakoitzak bere estiloa du eta beti ematen diogu gure ukitua, nahiz eta dagoeneko dena asmatuta egon”. Sormen hori guztia, ordea, errealitatera ekarri behar da, eta horixe da Alexen lana. Bien arteko oreka horrela definitzen dute: Asierrek, zuzendari artistiko gisa, ideia oso eroak dituenean, Alexek, alderdi ekonomikoaz arduratzen denak, ideiak aurrekontura egokitzeko “oinak lurrean” jartzen dizkio.

Etorkizuneko ilusioak

Elkarrizketari amaiera emateko, A&B Shows-eko kideek etorkizunean argitara aterako dituzten proiektuen pistak eman dizkigute. Gutxi gorabehera urtebete barru bingoa eta musika uztartzen dituen formatu apurtzailea ekarriko dutela aurreratu dute. Asierren esanetan, ikuskizun honek “agertokian sortzen den hesi hori haustea” du helburu, ikusleen elkarreragina bilatuz eta abesti bakoitzean saioa gonbidatu zein emanaldi ezberdinekin osatuz. Publiko mota guztientzako pentsatutako proiektua izango da, eta nahiz eta Alexek oraindik beste ideia batzuk “erabat itxi gabe” dituztela aitortu, argi dago konpainiaren sormenak ez duela etenik. Irundik mundura, ilusioz eta lan handiarekin, publikoa harritzen jarraitzeko prest daude Asier Burguete eta Alex de las Heras.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude