Behin Gabonak amaituta, Irungo udalak 2025eko Gabonek utzitako datuen eta emaitzen balantzea egin du. 39 egunetan zehar programatutako 117 jarduera gauzatu ahal izan ziren, eguraldi txarra gorabehera, eta 6.700 pertsona gerturatu ziren kultur-guneetan egindako 19 ekimenetara. Gabonetako kanpaina segurtasun arazo nabarmenik gabe garatu da, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egiaztatu duten bezala elkarrekin abiarazi duten Segurtasun Plan Berezian.
Eguberrien balorazioan parte hartu dute gaur Cristina Laborda Irungo alkateak, Nuria Alzaga, Kulturako eta Hiri Bultzadako ordezkariak, Iñigo Berges Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako ordezkariak, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako arduradunekin eta merkataritzako eta ostalaritzako ordezkariak lagunduta.
Cristina Laborda alkatea pozik agertu da Gabonetako kanpainarekin, berriro ere erakutsi baita maila handiko jarduerak eta proposamenak eskaintzen zizkiela bai irundarrei, baita inguruko herritarrei ere. “Gabon hauetan izandako arrakasta publiko-kopuru izugarrian islatu da, eta berriro erakutsi du Irunek inguruko jendea erakartzeko gaitasuna daukala. Eta ziur naiz Irungo Udalak egiten duen gogobetetasun-inkestaren datuek, baita eragin ekonomikoarenak ere, berretsi egingo dituela merkataritza-arloak eta hiritarrek igorri dizkiguten iritziak”, esan du Cristina Labordak.
Parte-hartzea gora
“Irun, Gabonetako Izarra” lelopean, programak 117 jarduera eskaini ditu adin guztietako jendearentzat. 39 eguneko programa izan da, azaroaren 29tik urtarrilaren 6ra artekoa, eta horietako bat ere ez da bertan behera utzi behar izan, garai honetan eguraldi txarrak oztopo handiak jarri arren. Larunbatean egindako argiak pizteko ekitaldia, Gora Musika taldearekin eta tokiko artisten eskutik (A & B Shows Bidasoako Erraldoiak, ‘Irun Hiria’ Musika Banda, Kontserbatorioa eta Musika eta Dantza Eskola), aurreko edizioak baino pertsona gehiago erakarri zituen. Hala, espektatibarik onenak gainditzea lortu zuen ikuskizunak, Zabaltza plazaraino jende ugarik lagunduta.
Familiek, halaber, harrera bikaina izan zuten aurtengo edizioko beste ekitaldi nagusiekiko, hala nola ‘Magic Christmas’ aireko ikuskizuna, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera (hiru karroza, parte-hartze handiagoa eta giro ezin hobearekin), edo Errege Magoen ohiko desfilea, karroza eta proposamen artistiko berriak gehitu zituena. Horixe adierazi du Nuria Alzaga ordezkariak: “ekitaldi nagusi horietan hobekuntzak eta berrikuntzak proposatzen ditugunean, ikus dezakegu hiritarrek ongi hartzen dutela; beraz, norabide horrekin jarraituko dugu eta bidaltzen dizkiguten eskakizunak entzungo ditugu”. Kulturako eta Hiri Bultzadako ordezkariak Erregeen Pajeei gutunak emateko ekitaldia azpimarratu nahi izan du baita ere, “inoiz baino haur gehiago” joan baitira.
Kanpainaren atrakzio iraunkorrei dagokienez, Gabonetako Arbola berritasun handia izan da, musikaz eta argiz betetako pasaleku bikoitzarekin. Baina, horrez gain, datuek parte-hartze handia egon dela baieztatu dute; izan ere, 13.000 erabiltzaile baino gehiago izan dira patinajeko pistetan, curling-ean eta txirristetan. Iazko zifren oso antzekoak dira, baina balantzea are positiboagoa da, kontuan hartzen badugu aldizka itxi izan direla euriaren ondorioz.
Gainera, Zabaltza plazako argiztapena izan da, berriz ere, Gabon hauetako arrakastetako bat. Bertan, halaber, milaka pertsonak gozatu ahal izan dute ohiko Gabonetako azokaz, 15 etxolarekin, eta hurrengo edizioetan bertaratzeko asmoa dutela adierazi dute.
6.700 bisitaritik gora kultur aretoetan
Kultura Sailak emandako datuen arabera, CBAn zein Amaia KZn eskainitako 19 proposamen kulturalek 6.726 lagun bildu dituzte. Are gehiago, kasu batzuetan aretoak beteta egon dira, hala nola Valeria Ros-en ‘Exácticamente diversa’ antzezlanean, dantza akademien erakustaldietan edo Urteberriko Kontzertuan. Ildo horretan, konpromisoa hartu da gertatzen den arazo bat aztertzeko. Izan ere, egiaztatu da doako jarduera batzuetan (hala nola zinema egokituko emanaldietan edo ‘Eduardo Manostijeras’ filmaren ikuskizunean), teorian eserleku guztiak bete arren, azkenean publikoaren zati handi bat ez dela joaten, eta horrek espazioaren benetako okupazioan eragiten du.
Sarjia parkeko Gabonetako Herrixkaren Ludotekak 34 jarduera-txanda eskaini dizkie 4 eta 8 urte bitarteko haurrei, bat goizez eta bi arratsaldez, eta, guztira, 1.173 haur bertaratu dira. Eguneko batez besteko asistentzia 100 lagun ingurukoa izan da, iazko 150 bisitarien batez bestekoa baino txikiagoa. Horren arrazoia espazio berriaren berezko mugak izan dira, hots, karpa geodesiko edo igluarenak. Karpa horrek baldintza hobeak eskaintzen zituen, eta familiek oso harrera ona izan dute harekiko.
Beste aktibitate batzuen balantzea ona izan da baita ere; Super Amararen Gabonetako Krosak, adibidez, errekorra gainditu zuen, guztira 1.400 dortsal banatuz. Balorazio positiboa izan dute, halaber, tren-maketen eta jaiotzen erakusketek, hala bisitari kopuruari nola piztutako interesari dagokienez.
Beste datu esanguratsu bat San Juan plazako lurpeko aparkalekuaren okupazioa izan da, azaroaren 29tik abenduaren 31ra % 9ko igoera izan baitu iazko aldi berarekin alderatuta, Empark enpresak jakinarazi duenez.
Gazte eta adinekoak ere partaide
Pio XII plazako GazteARTEan gunea, aurten ere, erreferentziazko espazioetako bat izan da Gabonetako programan. Bertan, adibidez, Goazen serieko aktoreen eskutik egindako Just Dance lehiaketak 100 pertsona baino gehiago biltzea lortu zuen. Era berean, Martindozenea eta Artiako gaztelekuek parte-hartze handia izan dute antolatutako jardueretan; hala, 150 parte-hartzaile baino gehiago izan dira errealitate birtual bidezko estrategia-jokoan edo mug cake tailerrean, eta egindako txangoetan 100 parte-hartzaile baino gehiago izan dira. Gabon hauetan, guztira, 1.200 gaztetxo eta nerabek gozatu ahal izan dute GazteARTEan Programaz, Udaleko Gazteriako Arloak antolatutakoa.
Hiriko Adinekoen Espazioek, bestalde, adin-talde horri zuzendutako 40 jarduera baino gehiago hartu dituzte, ‘Gabonetan Gogoz’ programaren barruan, eta Gizarte Ongizateko arloak oso balorazio positiboa egin du, bereziki parte-hartze handiari dagokionez. Musikak, zinemak, antzerkiak eta mahai-jokoen txapelketek harremanak estutzeko balio izan dute egun hain berezi hauetan, batez ere askotan bakardadeari aurre egiten dion kolektibo horrentzat. ‘Gabonetan Gogoz‘ programaren bitartez, beraz, ariketa fisikoa eta adin handiko pertsonen arteko harremanak indartu dira.
Gabon seguruak
Gabonetako kanpaina “arazo nabarmenik gabe” burutu da, adierazi du Iñigo Berges Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Arloaren ordezkariak. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Segurtasun Plan Berezi bat jarri dute abian behin ere, modu koordinatuan. Horrela, jarraipena eman zaie azken San Pedro eta San Martzial jaietan lortutako emaitza onei, bi kidegoen dispositibo berezi bateratuan lortutakoak.
Guztira, Irungo eginbideen beherakada, pasa den urteko kanpainarekin alderatuta, ia % 30ekoa izan da, eta 440 delitutik 308ra jaitsi da. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren Plan Bereziarekin lotutako delituak ere nabarmen gutxitu dira: ebasketak jaitsi egin dira (86tik 69ra), indarkeriaz egindako lapurretak (7tik 5era) eta Interneteko iruzurrak (72tik 29ra).
Planaren oinarria honako alderdi hauek izan dira, hain zuzen: poliziaren presentzia indartzea kalean, delituen prebentzioa (ebasketak, bereziki), eta ingurune seguru eta lasaia eskaintzea hirian Gabonetan gozatu dutenentzat. Gertuko presentzia horren bitartez, modu azkar eta eraginkorrean ebatzi ahal izan dira gertatu diren ebasketa gutxiak. Gainera, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza areagotu egin da gaueko aisialdian; izan ere, aipatutako lau egunetan (San Tomas eguna, Gabon-gaua, Urtezaharra eta Errege gaua) ia ez da esku hartu behar izan bost gorabehera arinetan.
Egun hauetan ohikoa den bezala, kultura-jarduera handiaren ondorioz, hainbat trafiko-mozketa eta balizaje egin behar izan dira (24, guztira). Horren ondorioz, Udaltzaingoak bide publikoetan jardun du pertsonen joan-etorria kontrolatzeko, eta Babes Zibileko boluntarioek hainbat ikuskizunetan lagundu dute. Gabon-gauean eta Urtezaharrean trafiko-kontrolak egin ziren: kontrolatutako ibilgailuen kopurua handitu egin zen aurreko urteekin alderatuta, eta esku-hartzeen ehunekoa nabarmen jaitsi zen. “Balantzea oso positiboa izan da, herritarrek hainbat astez gozatu ahal izan baitute kultura- eta merkataritza-jarduerez. Bestalde, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetzak agerian utzi du, berriz ere, asmatu egin dutela Plan Berezi bat aktibatzean San Pedro, San Martzial eta Gabonak bezalako jaietan”, adierazi du Iñigo Berges ordezkariak.
Alkatearen esker onak
Cristina Laborda alkatearen hitzetan, “eskerrak eman nahi dizkiet hiriko erakunde eta elkarte guztiei, ekitaldi jendetsu hauek hain maila handikoak izateko eta hain erantzun ona lortzeko egin duten lan guztiagatik. Hiriko talentuaren eta Udalaren arteko lankidetza horri esker eraiki dugu hiria urte hauetan guztietan, eta ildo hori bera jorratzen jarraitu nahi dugu. Kutsu irundar horixe da, hain zuzen, galdu ezin dezakeguna”.
Ildo horretan, Hiri Bultzada eta Ekonomiako ordezkari Nuria Alzagak bat egin du alkatearen esker onarekin, eta hiriko ekitaldi mota horiek merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuen sektorean duten eragin ekonomikoa baloratu du: “Udaletik uste dugu kanpaina hauek, zeinek kalean jende gehiago mugitzea dakartenak, aukera bat izan behar dutela tokiko jarduera ekonomikoan zuzenean eragiteko”, adierazi du Alzagak.
Azkenik, alkateak gogorarazi du egun hain berezi hauetan egiten diren ekitaldi hauek aukera bikainak direla Irunentzat. “Beste udalerri batzuei aurrea hartzea ahalbidetzen digu, hiri erakargarri eta bizia garela erakusteko aukera ematen digu, adin guztietarako askotariko aisialdi-eskaintza duena, eta tokiko ekonomia aktibatzea ere lortzen du”.



