Oharra: Eguraldi iragarpena dela eta, Irungo Udalak apirilaren 11ra atzeratu du larunbat honetarako aurreikusita zegoen jai herrikoia; hala ere, urbanizazio-lanak astelehenean, martxoaren 16an, hasiko dira.
Irunvi etxebizitza-sozietate publikoak datorren martxoaren 16an ekingo die San Migel-Anaka eremua urbanizatzeko obrei. Proiektu estrategiko honen garrantzia dela eta, Irungo Udalak bi jardunaldi berezi antolatu ditu martxoaren 13rako eta 14rako, herritarrei informazioa helarazteko eta hiri-garapen berriaren hasiera modu partekatuan ospatzeko. Ekimen honen helburua espazio publikoak hobetzea, etxebizitza aukera berriak sortzea eta bi auzoen arteko lotura sendotzea da.
Lehen ekitaldia ostiral honetan, martxoaren 13an, izango da. Saio honetan, hirigintza-garapenaren eta obra-planaren alderdi nagusiak aurkeztuko dira, San Migel eta Anaka “josteko” eta lotzeko proiektuak eskaintzen duen aukera azpimarratuz. Bertan, urbanizazio-faseak, etxebizitzen garapena eta aurreikusitako epeak zehaztuko dira. Topaketan udalbatzako ordezkariak, auzo-elkarteetako kideak eta inguruko enpresa zein eragileak izango dira.
Cristina Laborda Irungo alkateak emango dio amaiera ekitaldiari. Alkatearen hitzetan, “San Migel-Anaka urbanizazio bat baino askoz gehiago da; hiri-hutsune hau atzean utzi eta pertsona gehiagok Irunen beren bizi-proiektua garatu ahal izatea ahalbidetuko du”. Labordak gogorarazi duenez, proiektu honek bultzada handia emango dio hiriko etxebizitzari, babes ofizialeko etxeek pisu handia izango baitute garapen honetan.
Jai-giroa Julian Sanchez parkean
Larunbatean, martxoaren 14an, izaera sozialagoa izango du programazioak. Julian Sanchez parkean jai-egun bat ospatuko da San Migel eta Anaka-Puiana auzo-elkarteen laguntzarekin. Egun osoan zehar, adin guztietarako jarduerak egongo dira: haurrentzako tailerrak, “Eraiki zure auzoa” mural parte-hartzailea, puzgarriak, petanka txapelketa, txaranga eta paella herrikoi bat.
Eguneko jai-giroarekin batera, informazio gune bat egongo da proiektuaren xehetasunak kontsultatzeko, eta alkateak hitzaldi informatibo bat eskainiko du berriro. Arratsaldean, programazioak bingo animatu batekin, txokolatadarekin, magia ikuskizun batekin eta Remember taldearen zuzeneko musikarekin jarraituko du, urbanizazio lanen hasiera auzokide guztiekin ospatzeko.




