Ficobak Ababor Azoka Nautikoaren III. edizioa, hartuko du martxoaren 28tik 30era. Biurteko formatua duen azoka sektoreko enpresa ugarik, lehen eta bigarren mailako ontzien eskaintza oparo batek eta jarduera paraleloen egitarau erakargarri batek osatuko dute. Horrela, erakusketak, dibulgazioa eta entretenimendua eskainiko dizkie bisitariei. Azoka ostiral eta larunbatean, 11:00etatik 20:00etara, eta, igandean, 11:00etatik 19:00etara bisitatu ahalko da, doako sarrerarekin.
Lehenengo bi edizioetan arrakasta lortu, eta Ababor garrantzi handiko ekitaldia bihurtu da eskualdean: 80 erakusketari eta ia 10.000 bisitari erakarri ditu. Ababor erreferentzia bihurtu da nautikazaleentzat eta sektore osoarentzat, eta datuek azokaren aurtengo edizioa ere arrakastatsua izango dela iragartzen dute.
Erakusketaren xehetasunak
Ababor mota guztietako bisitarientzako azoka bat da, eta aisialdiko nautikarekin eta uretako jarduerekin zerikusia duten sektore guztiak erakarri nahi ditu, gero eta jende gehiagok izan ditzan eskura aisialdirako ontziak (berriak eta/edo bigarren eskukoak), turismoa egitekoak eta uretako esperientzietarako zerbitzuak.
Aurten, 40 erakusketari eta 30 ontzi baino gehiago bilduko ditu, eta sektoreko azken berrikuntzak deskubritzeko plataforma paregabea izango da: motorrak, atoiak, elektronika eta osagarriak, zerbitzu nautikoak, turismo nautikoa, itsasketa eskolak, aseguruak, urpekaritza, kanoa eta kayakak, arrantza egiteko osagarriak, jantzi espezializatuak, uretako motoak… Horrela, Jeanneau, Beneteau, Lagoon, Yamaha, Volvo eta beste marka entzutetsu asko elkartuko dira azokan.
Profil guztientzako jarduera
Ababor 2025 erakustoki komertzial bat baino askoz gehiago da: topagune bat eta ikasleku bat ere bada. Ildo horretatik, hiru egunetan, bisitari eta profesionalek hainbat hitzalditan, mahai ingurutan eta jarduera praktikotan parte hartu ahalko dute, Euskadiko Kirol Portuen babespean.
Azokako jarduera paraleloen egitarauaren ezaugarri nagusia gaien aniztasuna da. Proposamenetako bat muturreko baldintzetan nabigatzen dutenen esperientziak izango dira: batetik, Aina Bauza mallorcarraren bizipenak –2024an, 8.300 km baino gehiago egin zituen bakarka, Atlantikoan zehar, eta bakarka nabigatzen munduko errekor bat lortu duen Estatuko pertsona bakarra bihurtu zen–; bestetik, Guillermo Cañardo eta Pedro Eurrutiaren oroitzapenak (White Shadow izeneko 1978ko Swan 57 batean, Ocean Globe Race lasterketan parte hartu zuen ontzi espainiar bakarrean, munduari eman zioten bira); eta, azkenik, itsasoko erronkak nabigatzaileentzat ez ezik badirelako gaixotasun batengatik muturrera joan diren eta beren indarra deskubritu duten pertsonentzat ere, Pelayo Vida erronkaren X. edizioan Antartika konkistatzeko erronka.
Beste gai batzuk ere jorratuko dira: itsasoko baliabideez eta nabigazio bideez jabetzeko gatazkak, gizateriaren historia baldintzatu baitute; itsasketa ulertzeko eta beroni aurre egiteko moduak; nabigatzaileentzako tresna meteorologiko praktikoak; etab.
Gaming gunea
Azokak gazte eta familientzako jarduerak ere eskainiko ditu, hala nola Ababor itsas murala, parte hartzearen bidez itsasoko ingurunearen errespetua sustatzeko gune bat.
Beste erakargarri bat gaming gunea izango da: uretako teknologia, dibertsioa eta lehiaketa konbinatuko dituen esperientzia interaktibo bat, nagusiki hiru proposamen hartuko dituena barnean (Virtual Regatta, Mario Kart eta Super Mario Party).
Elkarrekin Ababor, atarikoa
Azokaren aurretik, martxoaren 22an, Elkarrekin Ababor egingo da: jardunaldi nautiko bat, Txingudin, gurutzaontzien itsasaldi batez, arrantza lehiaketa batez eta Optimartxoa estropadaz osatua eta Euskadiko Kirol Portuekin, Hondarribiko Klub Nautikoarekin eta Euskadiko Bela Federazioarekin elkarlanean antolatua.
Ababor
Ababor azokaren 2023ko edizioak inpaktu handia izan zuen sektorean, eta parte hartzaileen % 86k baino gehiagok ziurtatu zuten beste edizio batzuetan ere parte hartuko zutela. Bada, 2025erako, azoka handitu egin da, jardueren eskaintza oparoagoa osatu baitu, eta Euskadiko Kirol Portuen, Gipuzkoa Turismo entitatearen eta Enpresa Nautikoen Espainiako Elkartearen oinarrizko babes instituzionala lortu.