Aintzane Lasarte Garate, migrazio eta kultura gaietan ekintzailea: “Ni ezin naiz bizi gauzak egokiak ez diren espazioetan; min egiten didaten gauzetan sartu behar dut”

Aintzane Lasarte Garate pertsona aldarrikatzailea da izatez. Bidegabekeria du etsai eta mundu hobea lortzeko nahiak bultzatuta mugitzen da. Kameraren aurrean jartzeko beldurrik ez duenez, bere aurpegia ezaguna da, besteak beste, Bidasoa Etorkinekin elkartearekin batera egiten duen lanagatik. Gainera, bere bizitzan zehar askotariko kultur proiektu ugaritan parte hartu du, betiere arteekin lotuta.

Zergatik erabaki zenuen Bidasoa Etorkinekin taldera batzea?

Mugimendu guzti hau 2018. urtearen inguruan hasi zen. Ni behar bada 2019tik aurrera sartu nintzen taldean buru-belarri. Konturatu ginen momentu horretan migratzaile pila bat iristen hasi zela Irun aldera eta izugarrizko gertakizuna izan zen. Zer gertatzen ari zen jakin ostean, Irunera joan nintzen migratzaileak laguntzeko nola antolatzen ari ziren jakiteko. Beraz, Hendaiatik ere nola lagundu genezakeen pentsatzen hasi ginen. Talde bat sortu genuen horretarako. Bagenekien Baionan aspaldi Italiatik etorritako migratzaileak laguntzeko antolatzen hasiak zirela. Horrela, Bidasoa Etorkinekin elkartea sortu genuen, Hendaia, Urruña eta Biriatuko jendea bilduz. Bidasoaren ertzean bizi garenez, muga zeharkatu duten migratzaileak iristen zaizkigu.

Gauza da integratu dugula, edo dutela, kontrolak normalak direla eta ondorioz barneratzen hasiak gara migrazioa arazo bat dela”

Hainbat urtez martxan egon ondoren, zertan zentratzen da orain zuen jarduera?

Nik uste oraindik denen buruan dagoen kezka bat dela migrazioarena. Buruan dugu nola urtetik urtera gauzak, legeak eta gizartearen begirada desberdina den. Lehen ez zen hain erraz esango, baina egun leku desberdinetan entzuten ditugu migratzaileen kontrako mezuak, adibidez, migratzaileak bortxatzaileak edo lapurrak direla. Zoritxarrez, gaur egun horrelako gauzak esan daitezke inolako arazorik gabe eta hori eskuin muturrak bizi duen gorakadaren eraginarengatik da. Dena lotuta dago, gobernuek zentzugabeko oztopoak jartzen baitituzte eta beraz, testuingurua egun asko aldatu da.

Nola antolatzen zarete eta zein da zuk elkartean duzun egitekoa?

Gauza da, Hendaiatik ezin dugula gauza askorik egin. Hasieran, bagenituen Hendaiako familia batzuekin bizi ziren migratzaileak. Gehienak adin txikikoak ziren, 18 urtetik beherakoak, beraz, legeak babestuta zeuden. Ikasketak egiten hasi ziren eta horietako batzuek jada paperak lortu zituzten eta nahiko integratuak daude. Gure hasierako jarduera behar horri erantzutea izan zen, batez ere. Denborarekin ordea Hendaian bizitzea zaila zela konturatu ziren, geroz eta polizia kontrol gehiago daude eta. Ez da erraza poliziaz inguratuta bizitzea, “arrazistak ez diren” polizia horiek beltz bat ikusi eta segituan bere bila joaten dira eta. Beraz, normalean hemen inguruan laguntzen ditugun migratzaileak Europan gora jarraitu nahi duten pertsonak dira. Beraien hurrengo nahia Baionaraino iristea da, badakitelako bertan babesleku txiki bat dagoela, Pausa izenekoa. Normalean gehienek Paris ingurura iritsi nahi dute edo Lyonera, bertan familia eta lagunak dituztelako. Hizkuntzak ere asko baldintzatzen du erabaki hori, guregana iristen diren migratzaile gehienak frantsesa dakitenak dira, kolonizazioaren hizkuntza. Pentsatzen dute beraien etorkizunean aukera gehiago izateko garrantzi handia izango duela hizkuntza menderatzeak edo, behintzat, zerbait ulertzeak.

Nik beti esan izan dut migrazioa munduaren eta planetaren historiaren parte dela, beti gertatu den zerbait da eta

Migratzaileek bizi duten errepresioa, denboraren poderioz, gizartean gehiegi normalizatu dela uste duzu?

Gauza da integratu dugula, edo dutela, kontrolak normalak direla eta ondorioz barneratzen hasiak gara migrazioa arazo bat dela. Mezua berriz, guztiz kontrakoa izan beharko luke, migratzaileek hona etortzeko eskubide guztia dutela, guk ere iraganean migratu izan dugun moduan. Haiek ere gure alboan bizi daitezkeela pentsatzen hasiko bagina hobeto joango litzaiguke.

Inoiz migrazioaren fenomenoak merezi duen arreta edo trataera jasoko duela uste duzue?

Nik beti esan izan dut migrazioa munduaren eta planetaren historiaren parte dela, beti gertatu den zerbait da eta. Orain gauza berri bezala ikusten ari gara, gaur egun, kopurua handia baita. Beraz, hori normalizatzen hasi behar gara. Migrazioaren atzetik dauden arazo guztiak funtsetik konpondu behar dira, baina hori ez da orain politikariek buruan dutena. Egun badirudi konponbide errazena dela gure alboan hainbeste beltz ez ikustea. Horrelako pentsaerek migratzaileak gaizkileak direnaren ideia indartzen laguntzen dute. Larru kolore ezberdina izateagatik ezin da esan pertsona bat gaizkilea denik. Gobernuen eta legeen eskuetan dagoen kontu bat da, baina ez dut uste inor hori konpontzeko gogoz dagoenik. Azkenaldian migrazioaren aurkako mezuak zabaltzen dituzten gertaerak pilatzen dira etengabe, esaterako, Madrileko faxisten bilera edo Trumpen pentsamoldea. Horien guztien oinarrian ideia bera dago: kanpotarrak gaizkileak direla, hemengoentzat Afrikatik datozenak eta Amerikarren kasuan, Mexikarrak. Beraz, ez dakit zerk eman diezaiokeen itzulia egoera honi. Gauzak horrela, guk zer egin dezakegu? Nire ustez, bakoitzak bere inguruan ideiak aldatzeko bere hazia jarriko balu, baliteke gauzak aldatzen hastea.

Avenida zubia bezala, Irun eta Hendaia lotzen dituzten gainontzeko zubiak ere egoera honen erakusle garbiak dira. Bertakoentzat pasabide bat dira, migratzaileentzat muga zeharkaezin bihurtu diren bitartean.

Hori da, semantika guztiz aldatu da. Horrela, zubi hitzak, hizkuntza bakoitzean bere itzulpenarekin,  bi gauzen arteko lotura edo pasabidea izendatzen du. Orain, aldiz, zubia oztopo bihurtu da. Zubia elkar ulertzeko lekua izan ordez, oztopo eta kontrolerako gune bihurtu da.

Larru kolore ezberdina izateagatik ezin da esan pertsona bat gaizkilea denik

Zure kasuan, migrazioa txikitatik zure azalean bizi izan duzun zerbait da. Izan ere, Caracasen jaio ostean, 3 urte zenituela gurasoekin batera Euskal Herrira itzuli zinelako. Uste duzu gertaera horrek egun migrazioarekin loturik egiten duzun lanarekin zerikusia duela?

Egia esan, orain arte pentsatu ez nuen zerbait da, baina Fermin Muguruzarekin Bidasoa 2018-2023” dokumentalaren harira egindako elkarrizketa dela eta, nolabaiteko lotura izan dezakeela konturatu nintzen. Ni Caracasen jaioa naiz, hori egia da, baina inoiz ez nuen pentsatu ostera horrek nire bizitzan izan duen eragina. Aurretik pentsatu izan dut ni betidanik mugatarra izan naizela, nahiz eta muga inoiz oztopo bezala ikusi ez dudan. Ni erbestean jaiotakoa naiz, bai, baina ni bezalako zenbat gara? Asko eta asko. Ikasgeletan izan naizenean galdera hau egin dut hainbatetan, ea nortzuk zituzten kanpoan jaiotako aitona eta amonak eta erantzunen artean beti proportzioa erditik gora egon da. Horrek erakusten du hau munduaren historia dela. Ondorioz, gaur egungo gizarteak koktel baten antzekoak dira, denetarik dago bertan. Nahaste horren erdian noski inolako zerikusirik ez duten edo oso ezberdinak diren pertsonak elkartu daitezke, baina zer axola du horrek? Koloreei ideiak jartzen ez dizkiegun bitartean ez dago arazorik.

Migrazioaz gain, kulturan ere asko aritutakoa zara zu. Zerk erakarri zaitu horretara?

Jubilazioa hartu arte ni kulturako profesionala izan naiz. Kulturak heziketarekin duen harremanean sinetsita nago. Hau da, kultura gizartea mugitu dezakeen zerbait dela pentsatzen dut. Kulturaren barnean, bereziki, artearen munduan ibili izan naiz. Nik uste artea edonori eskaintzen ahal zaion eremu bat dela, bere burua aurkitzeaz gainera, norberak nahi duena adierazi dezan. Entzun ditugun hitzen edo buruan txertatu dizkiguten ideiez haratago, arteak bakoitzak bere pentsamendu propioa garatzeko aukera ematen du. Beti iruditu zait kultura eta artea eremu iraultzaileak direla eta izan daitezkeela. Izan ditudan lanpostu ezberdinetan, ideia hau izan da beti nire iparra: zuk zer eskaini diezaiokezu gizarteari artearen bitartez mundua hobetzeko? Mundua hobetu nahi dugunontzako, niretzako, kultura horretarako tresna bat izan da.

Zubia elkar ulertzeko lekua izan ordez, oztopo eta kontrolerako gune bihurtu da

Gazteak aipatuta, askok uste dutenaren kontra, jende gaztearen artean oraindik elkartasunerako grina dagoela esango zenuke?

Niri iruditzen zait historiako aro guztietan, adin batera iritsi direnei beti iruditu izan zaiela atzetik datozen gazteek ez dakitela gauzak ondo egiten. Ni gaztea nintzenean nire inguruko helduei edo senideei ez zitzaien batere gustatzen orduan egiten nuena. Orain, zaharren taldera pasatu naizenean, argi eta garbi esan dezaket nik egun oraindik gazteengandik asko ikasten dudala. Bistan da urteekin esperientzia lortzen zoazela, baina hori errealitatea ulertzen laguntzen dizuten tanta batzuk baino ez dira. Gazteek erakutsi didate orain gauzak egiteko beste modu bat dutela, gizartea ikaragarri aldatu delako. Nire inguruan, nik parte hartzen dudan elkarteetan, ikusten dut gazteek egiten duten lan guztia eta izugarri eskertzen dut, nik geroz eta lan gutxiago egin dezaket eta. Alegia, geroz eta gauza gehiago egiten dituzte, nik lehen egiten nuen bezala. Agian nik hobeto egingo nituzke? Ez dakit ba. Seguru orain haiek gizarteari nik baino askoz hobeto hitz egiten diotela.

Aurretik pentsatu izan dut ni betidanik mugatarra izan naizela, nahiz eta muga inoiz oztopo bezala ikusi ez dudan

Zer asmo edo nahi dituzu etorkizunari begira?

Ni ezin naiz bizi gauzak egokiak ez diren espazioetan; min egiten didaten gauzetan sartu behar dut. Nola? Neurrian, nire neurrian, lehen baino energia gutxiago dut eta. Kasuaren arabera, hizkuntza ere ez dut. Beraz, argi dudan gauza bakarra da bide beretik jarraituko dudala, nire neurriaren barruan egin ditzakedan gauzak egiten. Zertan? Gizartea hobetzen lagundu dezaketen ildoetan lan eginez. Nirekin batera, asko dira gure inguruan horrelako kausetan inplikatuak dauden pertsonak, kultura edo migrazioaren bitartez gizartearen arazoak konpontzeko lanean ari direnak. Beraz, oraindik horretan hasi ez direnak horretara animatzen ditut, gizarteak denen beharra du eta. Etsai handiak egon arren, adibidez, eskuin muturra, kontra gauden guztiek indarrak batuz gero, zentzuzkoak eta egokiak diren gauzak lor ditzakegu. Txikia baldin bada ere, gizartea hobetzeko bada, dena ona izango da.

Kulturak heziketarekin duen harremanean sinetsita nago

Aintzane Lasarte Garate

Aintzane Lasarte Garate Caracasen, Venezuelan, jaio zen 1955ean. Geografia/Historian lizentziatua da eta Geografian eta Lurralde Plangintzan espezializatua dago. Leku eta arlo askotan egin du lan. Chillida leku museoko hainbat proiektutan; “Xirrixta eta Kometa” haurrentzako aldizkarian; Euskal Telebistako haurrentzako programa batzuetan; haur eta gazteen antzerkia sustatzeko sortua den “Kattalin Gorri”n; HABE Hondarribiko barnetegian etab. Gaur egun, jada erretiratuta dagoen arren, Bidasoa Etorkinekin elkartean edo Borderline Fabrikaren proiektuetan inplikatuta dago.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen duzue jada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude