Amane Area, musikaria eta abeslaria: “Beti polita da nire hirian bertan abestu ahal izatea, lagunez inguraturik”

Amane Area abeslari eta musikari irundarra da. Musikarekiko zaletasuna txikitatik datorkio, afizioari hasiera data zehatza jartzea ezinezkoa zaion arren. Berriki Emakumeen Etxean egindako Emakume artistak: irudikatu, sortu eta ospatu’ jardunaldian parte hartu du, aurretik udalak antolatutako beste saio batzuei musika jarri ostean. Dena den, kalean zuzenean abestea eta inprobisatzea maite du, tarteka Donostiako kaleetan aritzen baita horrela. Ahotsaz gain, gitarra da Amanek musika sortzeko duen lagun banaezina.

Nola piztu zen musikarekiko duzun interesa?

Ba ez dut momentu zehatzik gogoratzen, baina, tira, egia da musika betidanik egon dela nire bizitzan. Nire familiak musikarekiko duen zaletasunak ere eragin handia izan du nigan. Adibidez, nire osaba bateria-jolea zen eta nire aitona berriz, akordeoi-jolea. Familia bileretan musika beti oso presente egon da eta bazkariak beti musikarekin amaitu izan ditugu, abesten.

Badago musikarekiko duzun zaletasuna garatzen lagundu duen musika talde edo bakarlaririk?

Galdera horri erantzuteko nik bi influentzia mota bereiziko nituzke. Batetik, nire aitak kotxean jarritako musika taldeek eragin handia izan dute nigan. Esaterako, Loquillo, Danza Invisible edo Los Ronaldos taldeek. Abesterako orduan aldiz, Izarok edo Rozalenek ere eragina izan dutela esango nuke.

“Egia da musika betidanik egon dela nire bizitzan”

Noiz eta nola hasi zinen zaletasun hori garatzeko eskolak jasotzen?

Txikitan Skola Musiken hasi nintzen. Biolontxeloarekin hasi nintzen, baina geroago instrumentu hori utzi eta gitarra hartu nuen. Izan ere, konturatu nintzen gitarrak abesteko orduan aukera gehiago eskaintzen zizkidala, baita lagunekin musika partekatzeko orduan ere. Gainera, nire osabari esker asko ikasi dut musikaz.

Zein izan da musikari esker orain arte bizitako unerik polit edo bereziena?

Egia esan, horrelako asko bizi izan ditut. Bakarra aukeratu beharko banu iaz gertatutako bat aukeratuko nuke. Donostian kalean abesten ari nintzen eta bat-batean bi neska gerturatu zitzaizkidan eta hildako gizon baten omenaldian abesteko aukera eskaini zidaten. Esperientzia oso gogorra izan zen, baina, aldi berean, oso polita ere. Ezezagun batzuek zugan konfiantza jartzea eta hori bezalako momentu gogor batean zure musika entzun nahi izatea oso hunkigarria izan zen niretzat eta oroitzeko modukoa.

Zein da gogokoen duzun musika estiloa?

Txikitatik asko gustatu izan zaizkit musika programak, eta orduan betidanik entzun izan ditut estilo eta genero desberdinetako abestiak. Uste dut horregatik zaila egiten zaidala nire burua musika estilo bakar batekin identifikatzea. Egia da, entzuten eta jarraitzen ditudan artista guztiek beti istorioak kontatzen dituztela eta niri asko gustatzen zaidan zerbait da hori artista bat entzutea aukeratzeko orduan. Hau da, musikaren bitartez artista bera islatzea eta istorio bat entzutea musikarekin batera.

Orain gutxi Irungo Emakumeen Etxean egindako Emakume Artistak jardunaldian parte hartzeko aukera izan duzu. Zer iruditu zaizu egitasmo hori?

Urte batzuk igaro dira jada horrelako ekintzetan parte hartzen hasi nintzenetik. Horrelako emanaldiak niretzat aukera izugarria dira artista bezala hobetzeko eta erronka berriei aurre egiteko. Eta gainera, horrelako ekintza baten barnean bada, hau da, gizarteari horrelako mezu garrantzitsua bidaltzen dion ekintza batean bada, ba are gehiago.

“Uste dut horregatik zaila egiten zaidala nire burua musika estilo bakar batekin identifikatzea”

Nola prestatzen zara horrelako emanaldietan aritzeko?

Nik uste dut nire lana ekintzak eskatzen duenera edo duen mezura egokitzen saiatzen naizela. Horren arabera, abestiak aukeratu eta antolatzen ditut. Horrelako ekintzekin loturik dudan oroimen politenetako bat lehen emanaldirako deia jaso nuen unea izan zen. Izan ere, Irungo Udaletik deitu ninduten horretarako eta gainera Irunen bertan nire lehen kontzertua emateko aukera emateak ilusio handia egin zidan. Ordutik aurrera emandako guztiak ere oso esperientzia politak izan dira niretzako. Beti polita da nire hirian bertan abestu ahal izateaz gain, lagunez inguraturik egitea.

Etorkizunera begira, beste musika hitzordurik duzu begi-bistan?

Ba oraingoz ez dut helburu finkorik buruan. Hala ere, ziur nago abesten eta gitarra jotzen jarraituko dudala edonon, hau da, etxean, tabernetan edo kalean. Baina, guztiz argi dut musika egiten jarraituko dudala. Erronka berri gisa, nik sortutako abestiak erakusten hastea gustatuko litzaidake. Izan ere, orain arte ezkutuan mantendu izan ditut, baina aurrerapauso polita izan daitekeela uste dut.

Musikaz bizitzeko aukerarik ikusten duzu edo zaletasun huts gisa imajinatzen duzu aurrerantzean ere?

Industrian sartzea eta bertan toki bat egitea zaila ikusten dut. Dena den, neska ausarta naizela iruditzen zait eta bizitzak proposatzen dizkidan erronkei aurre egiteko prest egongo naizela uste dut.

“Asko gustatuko litzaidake entzuten nauten pertsonek, nire musika entzuten duten bitartean etxeko goxotasunean eta lasaitasunean egotearen sentsazioa izan dezatela”

Zer mezu edo ideia transmititu nahiko zenuke zure musikaren bitartez?

Asko gustatuko litzaidake entzuten nauten pertsonek, nire musika entzuten duten bitartean etxeko goxotasunean eta lasaitasunean egotearen sentsazioa izan dezatela. Hau da, nire abestiak lagunen edo familien artean abesteko modukoak izatea nahiko nuke.

Aukeran emango balizute, zein izango litzateke zure bizitzako kontzertua?

Ba Irungo jaietan abestea asko gustatuko litzaidake. Izan ere, horrela plaza handiago baten aurrean aritzeko eta eszenatoki handiago batean jotzeko aukera izango nuke. Zegatik ez?

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude