Antolakuntzak baieztatu du: Bidasoa Itzulia egingo da 2026an

Iturria: Txirrindulariak.eus

Bidasoa Itzulia Kirol Elkarteak konfirmatu du, Bidasoa Itzulia proba egutegian mantentzea lortu duela eta 2026an tropela berriro eskualdeko errepideetara itzuliko dela. Albiste hau hainbat prentsa-ohar argitaratu ostean iritsi da; izan ere, lasterketaren egoera kritikoak kezka handia eragin zuen kirol munduan eta hainbat erakunde hurbildu ziren antolatzaileengana laguntza eskaintzeko asmoz. Hasiera batean, helburua 2027an itzultzea bazen ere, jasotako babesari esker itzulera hori urtebete aurreratzea lortu da.

Babesari esker martxan da

Prozesu honetan funtsezkoa izan da Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak luzatutako proposamen sendoa. Federazioak elkarlanean jartzeko konpromisoa hartu du, bere helburu nagusien artean baitago lurraldeko lasterketa estrategikoak mantentzea eta sustatzea. Erakunde honentzat berebiziko garrantzia zuen Bidasoa Itzulia bezalako proba bati segida ematea, eta horrela, antolatzaileekin batera lanean aritu da 2026ko edizioa martxan jartzeko baldintzak bermatzeko.

Gaur egun, hainbat eragile ari dira elkarlanean proiektu hau aurrera ateratzeko: Bidasoa Itzulia Kirol Elkartea, Bidasoa-Txingudi Partzuergoa, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Hendaia, Hondarribia zein Irungo Udalak, Irungo Txirrindulari Elkartearekin batera. Era berean, antolakuntzak azpimarratu nahi izan du lasterketa berrindartzen ari diren babesle pribatuen papera, hauen babes ekonomiko eta logistikorik gabe ezinezkoa litzatekeelako erronka honi aurre egitea.

Lanean jarraitzen duten arren, antolatzaileek aurreratu dute 2026ko lasterketarako iragarritako datak mantendu egingo direla: maiatzaren 8tik 10era. Momentuz ez dute xehetasun gehiago eman ibilbidearen edo parte-hartzaileen inguruan, baina hurrengo asteetan alderdi tekniko guztiak eta informazio zehatzagoa aditzera emango dutela hitzeman dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude