Irungo Udalak gogorarazi du asteazken honetan, urriaren 30ean, amaituko dela 2025eko udal egutegia osatuko duten irudiak aurkezteko epea. Egutegian parte hartzeko interesa duten pertsonek Udalaren webgunearen bidez bidali ahal izango dituzte argazkiak. Hurrengo urteko egutegia hiriko paisaiaren kolore guztiak biltzen dituzten argazkiekin osatu nahi da. Horrela, ‘Irun eta bere koloreak’ gaia aukeratu da 2025eko egutegia osatzeko.
Parte hartzeko baldintzak
Eskakizunei dagokienez, argazkiek originalak izan beharko dute, ez dira sarituak izan behar inongo lehiaketatan, ez eta bitarteko profesionaletan argitaratuak ere, eta hiriko punturen batean identifikatu ahal izan beharko dira. Irudietan adingabeak agertzen badira, gurasoen baimena beharko da egutegian argitaratzeko.
Irudiak .jpg formatuan bidali beharko dira, 30 zentimetro zabal eta 30 zentimetro garai, gutxi gorabehera, eta 250-300 ppp-ko bereizmena, gutxienez, formatu horizontalean. Formatu horrek ziurtatzen du hautatutako argazkiek editatzeko nahikoa kalitate izango dutela.
Irungo Argazkilari Elkartea (IAE), udal egutegiaren urteko edizioaren ohiko kolaboratzailea, hamahiru argazki aukeratzeaz arduratuko da, urteko hilabete bakoitzeko bat eta azala. Parte-hartzaile bakoitzak bost irudi bidali ahal izango ditu gehienez, baina egile bakoitzeko bakarra hautatuko da egutegirako.



