Gipuzkoako Hipika Federazioak eta Jaizubia Zaldiketa Eskolak, asteburu honetan Irungo instalazioetan jokatuko diren jardunaldiak aurkeztu dituzte: 2023ko Gipuzkoako Jauzi Lehiaketa CSA** eta Gabonetako Saski Txapelketa.
Ehundik gora zaldizko gerturatuko dira Jaizubia Zaldiketa Eskolan jokatuko den txapelketa honetara eta Gipuzkoako parte-hartzaileez gain, Bizkaia, Nafarroa, Errioxa zein Iparraldetik etorritako zaldizkoak izango dira bertan.
Lehen mailako zaldizko eta amazonei, euskal kirolean nabarmentzen hasi diren promesak batuko zaizkie. Itziar Urtizberea Jaizubia zaldiketa Eskolako presidenteak azaldu duenez, “proba oso lehiakor eta ikusgarriak izaten dira eta Gipuzkoako zaldizkorik onenak, zuzenean, bertatik bertara ikusteko aukera izango dugu”
Sariei dagokienean, Gipuzkoako Txapelketarako lehiatzen direnen artean, kategoria bakoitzeko lehen hirurek domina eta eskarapela jasoko dituzte eta Gabonetako Lehiaketan, garaiera bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuek Gabonetako saskiak eskuratuko dituzte.
JZEko Kirol arloko arduradunak, José Antonio Niñok, asteburu osoan zehar izango den giro aparta azpimarratu nahi izan du “Gipuzkoako Txapeldunen lehia izateak dakarren seriotasun eta lehiakortasunari, Gabonaren atarian egiten den txapelketaren jai giroa gehituko zaio”.
Larunbat eta igandeko hitzorduak 9:00etan hasiko dira. Altuera ezberdinetako jauziak izango dira, 0,50 metrotik hasita, 1,25 metrora bitartekoak.
Larunbatean, zaldizkoek mozorroekin parte hartu ahal izango dute eta mozorrorik onenak ere Gabonetako saskia jasoko du Tranko zaldi dendaren eskutik. Larunbat arratsaldean halaber, Junpin txikia ospatuko da klubeko pista estalian, txikienek eta hastapeneko zaldizkoek ere euren festa ospa dezaten; 16:00etan hasiko da eta amaieran, parte-hartzaileek txokolatada dastatu ahal izango dute.
Parte hartzaileen etorrera errazteko, ibilgailuentzako aparkalekuak jarriko dira Txingudi Ikastolan, ikastolaren aurreko zelaian eta Urdanibia Jauregiaren inguruan.



