Ayamendi klubak gimnasia erritmikoaren praktikaz gozatzeko aukera ematen die neska zein mutilei

Ayamendi gimnasia erritmikoko klubak irailean hasi zuen denboraldi berria. Dagoeneko bi hilabete eman dituzte entrenatzen eta orain arte egindako lana hasi da fruituak ematen. Lara Monsalve Ayamendi klubeko ordezkarietako bat da eta Nerea Deza, berriz, klubeko entrenatzailea. Aurtengo ikasturterako dituzten erronken errepasoa egin dute elkarrekin.

Zer moduz hasi duzue ikasturtea aurten?

Lara: Ikasturte hasiera oso ona izan da guretzat, izan ere, espero baino izen emate gehiago izan ditugulako. Beraz, kluba asko handitu da eta oso pozik gaude.

Nerea: Klubeko kide kopurua handitzea espero genuen, baina ez hainbeste.

Zenbat gimnasta dituzue orain klubean?

Lara: Orain gutxi gorabehera 120 kide izango gara. Taldeak antolatzeko, batetik, adinaren arabera sailkatzen ditugu eta, bestetik, lehiaketetan parte hartzen dutenak eta ez dutenak bereizten ditugu.

Noiz hasten dira zuen lehiaketak?

Nerea: Orain lehiaketen prestaketekin gabiltza, koreografiak muntatzen. Otsailaren erdialdean edo amaieran  hasiko gara berriz lehiaketekin. Otsailean lehenengo faseko txapelketak izaten ditugu eta martxoa edo apirila inguruan bigarren faseko txapelketak egin ohi dira. Gero, lehen bi fase horietako notak banatu eta Gipuzkoako zein Euskadiko Txapelketetan zeintzuk lehiatuko diren jakiten dugu. Azken txapelketak, berriz, ekainean egiten dira.

“Haurrek ondo pasatzea eta entrenamenduetan egiten den lanaren garrantzia ikastea nahi dugu”

Nerea Deza, Ayamendi klubeko entrenatzailea

Aurtengo denboraldiko txapelketetarako zer erronka dituzue?

Lara: Aurten oso gimnasta txikiak ditugu, beraz, datozen 2 edo 3 urteetan lan asko egin beharko dugu beraiekin maila on bat hartu dezaten.

Nerea: Hori da. Inoiz lehiatu ez diren umeak ere txapelketekin lehen kontaktua izatea nahi dugu, pixkanaka eroso sentitu daitezen eta, horretaz gain, zerbait lortzen badugu oso pozik egongo gara, nahiz eta irabaztea ez den gure helburua izango. Haurrek ondo pasatzea eta entrenamenduetan egiten den lanaren garrantzia ikastea nahi dugu. Lehiaketetan pare bat minutu dituzu egindako lan guztia erakusteko eta zaila da denbora tarte horretan egin duzun ahalegin guztia erakustea.

Entrenamenduetako lanari garrantzi handia ematen diozue, beraz, ezta?

Lara: Bai, bestela lehiaketetara iritsi eta gauzak nahi bezala ateratzen ez direnean etxera triste itzultzen direlako. Beraz, ez ditugu gure ahalegin guztiak txapelketetan bakarrik zentratu nahi.

Oker ez banago, gimnasia erritmikoaren bidez, gorputza lantzeaz gain, baloreak ere lantzen dituzue. 

Lara: Hori da. Talde polit bat sortu nahi dugu, beraien artean harreman ona izan dezaten. Gainera, oso kirol disziplinatua da bai estetikoki zein teknikoki, eta klubean protokolo bat dugu gauza guzti horiek haurrekin lantzeko. Haurrak 5 urterekin hasten dira eta nahiz eta ez lehiatu, jolasen bidez gauzak ikasten dituzte. Gainera, gimnasia erritmikoan tresnak erabiltzen dira eta horiek erabiltzeko zure gorputza kontrolatzea oso garrantzitsua da.

Nerea: Betebehar horien garrantzia txikitatik ikastea garrantzitsua iruditzen zaigu, bizitzako beste esparru batzuetan baliagarria izan daitekeelako. Horregatik, gimnasia erritmikoarekin loturiko jokoak oso baliagarriak dira esaterako, beraien gorputzaren pertzepzioa landu eta urte batzuk pasata emaitzak ikusi daitezen. Bai, txikitatik musika eta kirolaren arteko lotura lantzen dugu beraiekin. Izan ere, musika adierazpen modu bat da eta gurea kirol artistikoa da.

Aurten, neskez gain, klubean ere mutilak omen dituzue.

Lara: Bai, aurten bi mutil ditugu eta kirol honetan oraindik ez da oso ohikoa. Normalean oraindik gure kide gehienak neskak izaten dira. Egia esan, aurten hasi diren mutilak oso gustura daude eta oso ondo egiten dute. Txapelketetan talde mistoetan edo mutilak eta neskak bananduta lehiatzen dira, mutil kopuruaren arabera.

Nerea: Klubean ere mutilak izateaz oso pozik gaude eta, horregatik, mutilak erakartzen jarraitu nahi dugu. Gipuzkoa mailan gimnasia erritmikoa praktikatzen duten mutilak gutxi direnez, normalean neskekin batera lehiatzen dira, baldintza berdinetan. Mutil asko izatekotan, haientzako beste sailkapen bat sortuko litzateke.

Iaz Gabonetako Campusa antolatu zenuten. Aurten ekintza errepikatuko duzue?

Lara: Gure babesleetako bat Ficoba da eta iaz Gabonetako Campus bat antolatzea proposatu genien. Joan den urtekoa oso ondo atera zela ikusita, jendea oso gustura egon baitzen, aurten ere berriro ekintza bera egitea erabaki dugu.

Nerea: Aurtengo Gabonetako Campusa abenduaren 26tik 29ra izango da, goizetan. Ekintzan parte hartu nahi dutenentzako izen emateak laster irekiko ditugu. Beraz, interesa dutenek gure sare sozialetan eta webgunean informazio guztia topatuko dute. Izena emateko esteka bat sortuko dugu eta bertan eskatzen diren datuak bete beharko dira. Aurtengo Campusak toki mugatuak izango ditu, izan ere, iaz jada haur askok parte hartu zutelako eta orain kluba handitu dela ikusita, interesatuak gehiago izan daitezkeela uste dugu. Beraz, ekitaldi mugatua izatea nahi dugu, haurrak hobeto kontrolatu eta beraiekin jarduerak hobeto lantzeko.

“Gimnasia erritmikoa probatzera datozen gehienek gero klubean izena ematea erabakitzen dute”

Lara Monsalve, Ayamendi klubeko ordezkaria

Nola animatuko zenukete jendea gimnasia erritmikoa probatzera?

Lara: Gimnasia erritmikoan hasi edo zer den jakin nahi duten horientzat urtean bitan ate irekietako jardunaldiak antolatzen ditugu. Normalean, ekainean egiten ditugu eta, noizbait ere irailean antzeko zerbait egin izan dugu. Egun horretan gimnasia erritmikoa probatzeko aukera ematen diegu nahi duten guztiei. Dena den, urtean zehar ere interesatutako jendea hurbiltzen zaigu eta probatzeko aukera ere ematen diegu. Gimnasia erritmikoa probatzera datozen gehienek gero klubean izena ematea erabakitzen dute.

Nerea: Nire ustez gimnasia erritmikoaz gozatu ahal izateko garrantzitsuena lotsarik ez izatea da. Nahiz eta kirola ez ezagutu, ikusten dutena gustatzen bazaie probatu egin behar dute. Gainera, kirol honetan jardunez gauzak ikasi egiten direla jakin behar dute eta probatzeagatik ez dute ezer galtzen. Zalantzarik badute gurekin harremanetan jar daitezke.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude