‘Gurasoekin’ eta ‘Gazteekin’ programak martxan dira berriro, ikasturtean zehar guraso zein nerbeei doako laguntza emateko. Aurreko ikasturtean, 100 pertsona inguruk parte hartu zuten bi programetan. Bi programetako edozeinetan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute, www.irun.org webgunean sartuta edo 010 edo 943505152 telefonoetara deituta, irailaren 15etik urriaren 15era bitartean. Toki kopurua mugatua denez, izena emateko hurrenkeraren arabera esleituko dira tokiak.
Programa biek bi hamarkada baino gehiago daramate martxan eskualdean, baina haien edukia egungo behar eta interesguneetara egokitu da, hala nola teknologiaren garapenak jendearen bizitzan dituen ondorioetara. Zehazki, mugak jartzen lagunduko zaie, eta familiako kideen arteko harreman afektiboak eta komunikazioa sendotzen.
‘Gurasoekin’
Guraso talde txikiak Palmera-Montero Gunean biltzen dira, astean behin edo hamabostean behin. Lantalde profesionala taldeekin eta familiekin lan egiten eskarmentua duten bost psikologo edo psikoterapeuta adituk osatzen dute: Andrea Arangurenek, Ion eta Begoña Arruabarrenak, Maider Andoneguik eta Sandra Cobosek.
Taldeak osatzeko, haurren adina eta familien beharrak hartzen dira kontuan. Hiru talde, 6 urtetik 18 urtera bitarteko seme-alabak dituztenak, hamabostean behin biltzen dira, eta bakoitzak hamabi saio egiten ditu. Beste bi taldeak, berriz, astero biltzen dira, eta laguntza handiagoa behar duten gurasoek osatzen dituzte.
Programa honek gurasotasun positiboa sustatzen du. Horretarako, familiako kideen arteko lotura afektiboak indartzen ditu, eta seme-alaben haziera egokirako mugak ezartzen laguntzen, indarkeriarik erabili gabe eta haurren eskubideak errespetatuta. Bertako eta nazioarteko erakundeek adostutako esparru teoriko batean oinarritzen da, baina, saioetan, familien baitan sortzen diren heziketa eta bizikidetza arazoak azaltzen dira, eta haiek konpontzeko gidalerroak eskaintzen.
Horrela, programak askotariko gaiak lantzen ditu: familiarteko komunikazio positiboa, gatazkak konpontzeko estrategiak, haurren adinerako egokiak diren arau eta muga iraunkorrak eta gurasoek muga horiek egoki zaintzeko bideak. Laburbilduz, ‘Gurasoekin‘ baliabide psikoedukatibo prebentibo bat da, familiako kide guztien garapena sustatzen duena.
‘Gazteekin’
Esku hartze psikoedukatiboko programa bat da, eta 12 eta 17 urte arteko nerabeak bizitzarako gaitasunetan trebatzea du helburu. Doakoa da, eta saioak Palmera-Montero Gunean egiten dira, ostegun arratsaldeetan.
Programak Osasunaren Mundu Erakundeak formulatutako nazioarteko ekimen bat du inspirazio iturri, eta askotariko hamar trebezia sustatzen ditu: autoezagutza, enpatia, pertsonen arteko harremanak, emozio eta sentimenduen kudeaketa… Izan ere, haiei esker, nerabe eta gazteak prestatuago daude egungo munduak dakarzkien erronkei aurre egiteko.
‘Gazteekin‘ programako bi taldeak astero biltzen dira, azarotik maiatzera, 75 minutu irauten duten saioetan, eta haurtzaroan eta nerabezaroan espezializatutako hiru psikologok koordinatzen dituzte taldeak: Andrea eta Alba Arangurenek eta Sara Cobosek.
Talde bat 12 eta 14 urte arteko nerabeek osatzen dute, eta hiru hilabete irauten duten tailerretan aritzen da, askotariko gaiak lantzen: komunikazioa eta pertsonen arteko harremanak, emozio eta sentimenduen kudeaketa, arazoak konpontzeko bideak… Beste taldea 15 eta 17 urte arteko nerabeek osatzen dute, eta taldekideek hausnartu egiten dute, eta elkarri beren esperientzien berri ematen. Gai batzuk parte hartzaileen interesen arabera aukeratzen dira, eta beste batzuk, berriz, koordinatzaileek proposatzen dituzte, taldean bertan identifikatzen dituzten kontuetan oinarrituta.



