Gaurko, 2023ko azaroaren 30erako, Greba Feminista Orokorra deitua dago. Egunean zehar Bidasoa eskualdean grebarekin loturiko hainbat ekintza egingo dira. Era berean, Irungo Udalak jakinarazi duenez, CBA liburutegia eta kiroldegiak bezalako zerbitzu publikoei eragingo die grebak. Era berean, arratsaldeko mobilizazioak Irunbusen zerbitzuan aldaketak eragingo ditu.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba orokorrarekin loturiko lehen ekintzak goizeko lehen orduan hasi dira. Goizeko 6:00etatik aurrera piketeak izan dira Gabiria industrialdean. Goizeko 8:00etan Kotxe karabana irten da Stadium Galetik eta 9:30erako Hondarribiko Eroski handiko aparkalekura iritsi da. 9:30etatik Hondarribiko Olagarro elkartean gosari herrikoia egiten ari da.
Egunean zehar bestelako ekintzak egitea aurreikusita dago. Lehen elkarretaratzea goizeko 11:00etan egingo da Hondarribiko martxoak 8 plazan. 13:00etan, berriz, elkarretaratzea Irungo Ama Xantaleneko zahar egoitzaren parean egingo da hurrengo elkarretaratzea. Eguerdian, 14:00etatik aurrera, bazkari herrikoia eta kolektiboa egingo da San Juan plazan, guztiek janari eraman eta elkarrekin partekatzeko gonbidapena egin delarik. Azkenik, arratsaldean 17:30etik Eskualdeko manifestazioa egingo da Mendeluko biribilgunetik hasita eta San Juan plazaraino. Mobilizazioak hiriaren erdiguneko kaleak zeharkatu ditu, trafiko etendurak eraginez.
Udal Zerbitzuetan aldaketak
Greba dela eta, CBA liburutegia itxita egongo da egun osoan. Gainera, Artaleku kiroldegiko jardueran ere izango du eragina. Kirol-instalazioak 20:30ean itxiko dira eta ikastaroek ohi baino 15 minutu gutxiago iraupena izango dute: tonifikazioa: 19:30etik 20:15era, pilates 19:30etik 20:15era, zumba 19:30etik 20:15era eta bike 19:30etik 20:15era.
Bestetik, beste zenbait ikastaro bertan behera geldituko dira: makila: 10:00etatik 11:00etara, makila11:00etatik 12:00etara, tonifikazioa 20:30etik 21:30era, helduen igeriketa hastapenean 20:15etik 21:15era, helduen igeriketa hobekuntza 20:15etik 21:15etara eta helduen igeriketa mantentzea 20:15etik 21:15era.
Garraio publikoa
Arratsaldeko 16:45etik aurrera, aldaketa hauek egingo dira Irunbusen autobusen zirkulazioan:
- Irunbus L1: Zaiza – Ospitalea
Ospitalerantz, 16:45etik manifestazioa bukatu arte, autobusak Dunboako anbulatorioko biribilguneraino iritsiko dira –ez dira sartuko geralekuan, baina bidaiariak jasoko dituzte–. Han, GI-636 errepidetik Zubimuxu plazatxora eta handik Letxunborro hiribidera sartu, eta ospitalerantz egingo dute, betiko bidetik. Itxita egongo diren geralekuak: Nafarroa 21, Fermin Calbetón, Zabaltza, Topoa eta Hondarribia. Geralekurik hurbilenak: Dunboako anbulatorioa eta Gibeleta
Zaisarantz, 17:00etatik manifestazioa bukatu arte, autobusek betiko ibilbidea egingo dute Aldabe mendia kaleraino. Han, buelta eman, eta, GI-636 errepidetik, Dunboako anbulatorioko biribilgunera joango dira –ez dira sartuko geralekuan, baina bidaiariak jasoko dituzte–, eta, handik aurrera, betiko ibilbidea egingo dute Zaisaraino. Itxita egongo diren geralekuak: Anaka 40, Anaka 1, Geltoki, Colón 43, Luis Mariano, San Juan eta Nafarroa 4. Geralekurik hurbilenak: Aldabe Mendia eta Dunboako anbulatorioa
- Irunbus L2: San Juan – Katea – Txingudi
17:00etatik manifestazioa bukatu arte, abiaburua Sindikalaren pareko eskola autobusen geralekua izango da. Itxita egongo diren geralekuak: Fermin Calbetón, Zabaltza, Topoa, Aduana / Gipuzkoa 15 eta Luis Mariano. Geralekurik hurbilenak: elizatxo 10 (sindikala)
- Irunbus L3: San Juan – Artia
17:30etik manifestazioa bukatu arte, abiaburua Arbesko biribilguneko geralekua izango da. Itxita egongo diren geralekuak: Fermín Calbetón, Nafarroa 4, Nafarroa 18 / Dunboako anbulatorioa eta Nafarroa 21. Geralekurik hurbilena: Arbes
- Irunbus L4: San Juan – Anzaran – Olaberria
16:45etik manifestazioa bukatu arte, abiaburua Elizatxo hiribideko 11 zenbakia izango da (Olibondoen biribilgunea). Itxita egongo diren geralekuak: fermin Calbetón, Zabaltza, Topoa, Urruña plazatxoa, Lope de Irigoyen 31, Antzaran plaza 1, Zubiaurre, Colón 43, Gipuzkoa 6, Gipuzkoa 32, SJ Langilea eta Urdanibia Geralekurik hurbilena: Elizatxo 11 (Olibondoen biribilgunea)
Manifestazioak aurrera egin eta segurtasun kidegoek baimendu ahala, murrizketak desegingo dira, tartez tarte.