Azkue Memorialaren 10. edizioak organoa eta harmoniuma Chaplinen lanarekin lotuko ditu

Nuria Alzaga Irungo Kulturako ordezkariak, Jexux Olaziregi eta Maite Gartzia Oiartzungo eta Errenteriako kultura zinegotziek eta Organozaleak elkarteko kideek prentsaurrekoa eman dute gaur Irungo udaletxean. Azaroaren 3an, 4an eta 5ean Errenterian, Irunen eta Oiartzunen egingo den Azkue Memorialaren berri eman dute bertan.

Jose Manuel Azkue organista oiartzuarrari eskainitako ekitaldi hau Oiartzungo Organozaleak elkarteak antolatzen du, Errenteria, Irun eta Oiartzungo Udalekin eta Soinuenea Fundazioarekin (Oiartzungo Museoa eta Dokumentazio Zentroa) elkarlanean.

Nuria Alzaga, Kultura ordezkariaren hitzetan, “pozarren gaude X. Azkue Memoriala Irunen ere ospatzeaz. Gure hirian dugun eta gure kultura-ondarearen parte den tresna ordezkaezina ezagutarazteko aukera paregabea iruditzen zaigu. Gainera, ziklo honek musika garaikideagoa proposatzen du, tradizionalak diren instrumentuen bidez. Ziklo honen inguruan antolatzen diren hitzaldi eta bisita gidatuak nabarmentzea ere garratzitsua da”.

Zikloak hiru kontzertu, bisita gidatu bat eta hitzaldi bat aurreikusten ditu. Lehenengo kontzertua azaroaren 3an, ostirala, izango da 19: 00etan Errenteriako Agustinen Komentuan, Loïc Mallié musikariaren eskutik.

Irunen

Azaroaren 4an, larunbata, zikloko bi ekitaldi izango dira Irungo Junkal parrokian. 11:30ean, organora bisita gidatua, Ignacio Arakistainekin, eta 20:00etan “City Lights” kontzertua, Loïc Mallié-rekin.

Azaroaren 5ean, igandea, Oiartzungo Landetxen izango da hitzordua. Bertan, 18:30ean, aurkezpen labur baten ondoren, harmonium kontzertua ekainiko da: “Easy Street”, Oscar Rodríguez musikariaren eskutik.

Azkue Memoriala organo munduko aditu eta zaleak biltzen dituen ekitaldia da. Hori dela eta, Denis Lacorre organogileak Oiartzungo San Esteban parrokiako “Cavaille-Coll Pere Et Fils” organoari buruz egindako ikerketa aurkeztuko da hitzaldi formatuan. Ekitaldia urriaren 31n izango da, 19:30ean, Oiartzungo Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan.

Oiartzungo Organozaleak Elkarteak azpimarratu du Jose Manuel Azkuek harreman berezia izan zuela Irun, Errenteria, Hondarribia eta Donostiako organoekin, baita bere jaioterriko Oiartzungoarekin ere. Azkue Memorialaren antolakuntzak jarduera hori organo horietara ere hedatu nahi izan du beti. Azkue Memoriala, gaur egun, Oarso-Bidasoako udazkeneko organo zikloa bihurtuz.

Azkue memoriala

José Manuel Azkuek ez zuen inoiz ahaztu bere jaioterria zen Oiartzun eta “Cavaillé-Coll Pére et fils” organo bikaina. Organista handiaren oroimenez, Oiartzungo Udalak Jose Manuel Azkue Memoriala antolatzea erabaki zuen 2008an. Jarduerak Oiartzungo organoaren balio artistiko eta historikoa agerian jarri nahi zuen, organo-jotzaile handiei eta musikari gazteei entzuteko aukera emanez. Ekitaldi hauetan beti bultzatu da berrikuntza eta esperimentazioa. 2016tik aurrera, “Oiartzungo Organozaleak” taldeak antolatu zuen memoriala.

José Manuel Azkue

José Manuel Azkue 2008ko abenduaren 19an hil zen 81 urte zituela. Bere jarduera oso garrantzitsua da Euskal Herriko organisten historian. 1927an jaio zen Kilikupeko Aginagalde-enea etxean, Oiartzunen. 11 urterekin, apaiz izateko ikasketak egitera joan zen Alesbesera (Villafranca/Nafarroa) eta bere dohain musikal apartak agerian utzi zituen. 20 urterekin, apaiz ikasketak utzi zituen. Soldadutza amaitu ondoren, berehala egin zituen kontserbatorioak eskatzen zituen ikasketak.

Bi urte geroago, 1954an, aurrerapauso handia eman eta AEBra joan zen. Bidaia hark, hilabete batzuetarako izan behar bazuen ere, azkenean hemezortzi urteko luzapena izan zuen New Yorken, organo-jotzaile eta musika-irakasle gisa. 1975ean Euskal Herrira itzuli zen Donostiako Koruko Andre Mariaren elizako organista titularra izateko, eta ordutik Cavaillé-Coll organo ospetsuari estu lotuta egon zen.

José Manuel Azkue organista osoa zen. Oso errepertorio zabala zuen. J.S. Bach eta Cesar Francken organorako integralak jotzeko gai zen, Donostiako Musika Hamabostaldirako bereziki idatzitako obra garaikideak estreinatzen zituen aldi berean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude