“Bakailaoa dasta ezazu” Irungo bakailao enpresen elkarteak jaki honen inguruko jardunaldiak antolatu ditu. Bakailaoa nola sukaldatu irakastea helburu duten jardunaldiok herritar orori zabalik daude.
Elkarte gastronomiko zenbaiten eta Rueda Jatorri Izendapenaren laguntzaz, hiru saioko programa antolatu da, oinarrizko sukaldaritza, tradizionala eta sormenezkoa uztartzen dituena. Lehenengoa joan den azaroaren 12an burutu zen, Hondarribian, Arraunlari jatetxeko Iñaki Barrosen eta Kaizarreko Iosu Carrion sukaldariaren eskutik. Errezeta sorta bat prestatu zuten: bakailao patea arbendolekin, gaileta karraskarirekin eta bere azalarekin; bakailao takoak kalabaza kremarekin eta gaztainazko txipekin; bakailaoaren gibela, eta bakailaoa pil-pilean.
Guztira 25 lagun hurbildu ziren Itsaskari Baitara.
Azaroak 19: Alberto Liebana sukaldariak (Zura) oinarrizko sukaldaritzaren inguruko tailer bat egingo du La Salle elkartean. Bertan bakailao frijitua, brandada, carpaccioa eta beste zenbait errezeta erakutsiko ditu.
Azaroak 26: Oscar Sierra sukaldaria (Ibaiondo) sormenezko sukaldaritza tailerraz arduratuko da Irungo Atsegiña elkartean. Tenpurak, arroza eta flana egingo ditu.
18:00etan hasi eta 19:30ean bukatuko dira.