Balaztak, Bidasoko bizikleta erabiltzaileen aldeko elkarteak, argazki protesta antolatu du. Helburua: eskualdeko hiru hiriak modu seguruan elkartuko dituen Bidegorria eskatzea. Protesta egiteko “bidegorria noizko?’” kartela daramaten bi bizikleta gorri kokatu dituzte. Egitasmoarekin bat egin nahi duten hiritarrei puntu hauetan beren buruari argazkiak atera eta helbide elektronikora bidaltzeko deia egin dute.
Bi bizikleta gorriek ordea, ez dira ausaz kokatuak izan. Izan ere,Balazta elkarteak “puntu beltz” moduan deskribatu izan dituen lekuetan ipiniak izan dira. Lehena, Plaiaundi LHII ikastetxearen pareko lorategian, GI-636 errepidearen azpian, aste honetan inauguratu den pasabide eta bidegorri berriaren amaieran. Bigarrena, berriz, Hondarribiko Mendelu auzoan.
Argazki salaketa
Eskualdeak bidegorrien arteko lotura segurua behar duela eskatzeko, argazki protesta antolatu dute. Horretarako, ahalik eta argazki gehien biltzen saiatu nahi dira. Beraz, ideia babestu nahi duten horiei, bi puntu hauetako batera hurbiltzea eskatu diete. Bertan mugikorra atera eta, kartelarekin batera, beren buruari argazki bat atera beharko diote. Argazkiak balazta@balazta.org helbide elektronikoan jasoko dituzte.



