Bihar, apirilaren 29an, Belaunaldien arteko Elkartasunaren Eguna ospatuko dute. Lau eta zortzi urteko gaztetxoek eta adinekoentzako espazioen erabiltzaileek elkarrekin ospatuko dute. San Migeleko El Rancho haurtxokoan egingo den jarduera bateratu bat izango da, Gizarte Ongizate eta Gazteria arloek elkarlanean antolatutako «Inter-GeneracionARTE» proiektuaren baitan.
Gaztetxo eta adinekoek, elkarrekin, egurrezko gainazalak margotuko dituzte. Hondoa talde bakoitzak nahi bezala margotuko du, eta marrazkiak natura zaintzearekin eta errespetatzearekin lotuta egongo dira. Kasu honetan, baratzeko produktuek, 0 kilometrokoek eta elikagai osasungarriek duten garrantzia nabarmenduko da. Gai horiek elkarrizketa piztuko dute, eta parte-hartzaileek beren iritzia emango dute janariari, laboreen egutegiari, laborantzari eta antzeko gaiei buruz.
Eskulanek mural baten handi baten itxura hartuko dute. Amaierako lana jarduera egiten den lekuan bertan erakutsiko da, hau da, haurtxokoan, adinekoen espazioan edo kokaleku apropos batean. Horrela, egindako lana ikusgai egongo da, eta topagune bat izango da auzoko familientzat eta erabiltzaileentzat.
Iosu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak babesa adierazi die horrelako programei: «Horrela, belaunaldien arteko interakzioa sustatzen dugu eta, aldi berean, bakardadea borrokatzen dugu, pertsonen arteko elkartasuna sustatzen dugu eta bizikidetza eta osasuna hobetzen laguntzen dugu. Jarduera hau oso tresna egokia da hainbat belaunalditako kideak elkartzeko, batzuek besteengandik ikasteko eta harremanetan egoteko».
Bestalde, Sandra Caballero Gazteriako ordezkariak nabarmendu duenez, «hiriko belaunaldi gazteak adinekoentzako euskarri izan daitezke. Belaunaldien artean zubiak eraiki nahi ditugu, errespetua, enpatia, lankidetza eta antzeko balioak sustatuta, irmoki sinesten baitugu gazteen eta adinekoen arteko esperientzia truke batek komunitate osoa aberasten duela. Horregatik, horrelako jarduerek, elkartasuna ospatzeaz gainera, gizarte-ehuna sendotzen dute eta bizikidetza estu, inklusibo eta humanoago bat bultzatzen dute».
Jarduerak, gainera, beste saio bat ere izango du, Luis Marianoko adinekoen espazioan eta Hirigunen, datorren maiatzaren 8an.
‘Inter-GeneracionARTE’
«Inter-GeneracionARTE» proiektuaren helburua da adinekoen espazioen erabiltzaileak eta haurrak ikusgarriago egitea. Esperientzia honetan parte hartzen dutenek elkarrekin egingo dituzte lanak, eta haien arteko akordio eta elkarrizketak izango dira egin beharreko lanaren hari nagusia.



