Hileroko bertso-gauek bost urte bete dituzte jada
Bertsolaritza ardatz hartuta, Irungo euskal kulturaren erdigune bilakatzen da Kabigorri, hilabete bakoitzeko lehen ostegunean. Formatu txikiko bertso saioak antolatzen ditu bertan Irunabar bertsoaren bilguneak. 2013. urtean ekimena martxan jarri zutenean zalantzak eduki zituztela onartu dute antolatzaileek. Denborak erakutsi du, ordea, ideiarekin asmatu zutela. Bost urte bete dituzte aurten Kabigorriko bertso-gauek.
Egoitz Zelaia Irunabarreko kideak jarri zuen proposamena mahai gainean. Elkartean begi onez ikusi zuten, baita Kabigorrin ere. “Irunen ez dago ostatu egokiagorik pentsatua genuen saio mota aurrera eramateko”, adierazi du Zelaiak. Kabigorri ateneoaren ibilbidean zehar ohikoagoak izan dira bestelako kultur adierazpenak: erakusketak, antzerkiak edo kontzertuak. Horregatik, hilero bertso saio bat hartzea erronka izan zen Kabigorrirentzat. Naroa Mentaberrik azaldu du: “Beldur puntu bat ere bagenuen, ez genekielako Irunen jendeak nola erantzungo zuen”.
“Beldur puntu bat ere bagenuen, ez genekielako Irunen jendeak nola erantzungo zuen”
Naroa Mentaberri, Kabigorriko kidea
Beldurra konpartitua zela uste du Egoitz Zelaiak. Gogoan du, lehen saiorako, 20 entzulerekin konformatzen zela. 60 inguru hurbildu ziren, eta hori izan da batez bestekoa, aurrerantzean. Beldurrak lekutan utzi zituzten, beraz. “Iaz saioren batean 30 lagun egon ziren, eta porrot sentsazioa eduki nuen”, onartu du Zelaiak: “Hori adierazgarria da”. Hilero-hilero hutsik egiten ez duen jendea egoten da, baina bisai berriak ere ikusten dituzte beti. Adin ezberdinetakoak, gainera. “Beste jende askok komentatzen dit zerbait entzun duela, baina ez duela etortzeko aukerarik izan, adibidez. Interesa behintzat badago”, aipatu du Mentaberrik.
Abaguneak eskaintzea da helburua
Helburu zehatz batzuekin heldu zion Irunabarrek ekimenari. “Ikusten genuen gure inguruan bazela bertsotan duintasunez aritzeko gaitasuna zuen jendea, plazan kantatzeko aukera handirik ez zuena”, argudiatu du Zelaiak: “Batez ere, belaunaldi berriei begira, guk ukan ez genuen heldulekua eskaintzea zen ideia”. Gainera, Kabigorrin parte hartzen duten bertsolari guztiei protagonismo berbera ematea izan da Irunabarren asmoa: “Ohiko bertso saioetan, protagonismoa dute elite deitzen dugun multzo horretako bertsolariek. Haien itzalean gelditzen dira beste bertsolari asko”.
Elite horretako zenbait bertsolari ere egon izan dira Kabigorrin, batzuk behin baino gehiagotan: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Aitor Sarriegi… “Gertukoak batez ere”, nabarmendu du Zelaiak. Izan ere, afariaren truke aritzen dira bertsolariak Kabigorrin: “Kultura kulturaren truke, hemen ez da inor aberasten. Kultur globalizazioaren garai honetan, oasi txiki bat da Kabigorri”. Nolanahi ere, Kabigorriko bertso gauen helburua ez da eliteko bertsolariak ekartzea. “Badira beste aukera asko, Euskal Herri osoan, haiek kantuan entzuteko”, adierazi du Zelaiak.
“Bertsolari gehienak harrituta gelditzen dira jendeak duen errespetuarekin”
Egoitz Zelaia, Irunabar elkarteko kidea
Giro atsegina sortzen da
Kabigorrin aritu diren hainbat eta hainbat bertsolarik azpimarratu dute bertan sortzen den giroa. “Gehienak harrituta gelditzen dira jendeak duen errespetuarekin. Egia da giroa goxoa izaten dela”, aitortu du Egoitz Zelaiak. Zentzu horretan, Irunabarren lehentasunetako bat izan da bertsolaria mimatzea. Gustura sentiaraztea. Naroa Mentaberrik uste du lortzen dutela: “Oholtza bat da, baina familiartekoa”. Plaza exijentea da, hala ere, lehen pausoak emateko. Gutxi dira bat-batean lehen plaza Kabigorrin eduki dutenak. Gai jartzaile lanean edo bertso jarrietan, berriz, batzuek debuta eduki dutela nabarmendu du Zelaiak: “Bertso eskolako jendeari aukerak emateko moduak dira”.
Bertso saio musikatua eta beste zenbait emanaldi berezi ere antolatu izan dituzte, tarteka. Esperimentazio gune txiki bat ere bada, hortaz, Kabigorri. Egoitz Zelaiak azaldu du: “Gu irekita gaude beste bide batzuk jorratzeko, beti ere, errespetatuz bertsolariaren sorkuntza eremua”. Egindako jolas txikiak dibertigarriak izan direla baieztatu du Naroa Mentaberrik. Ikusleek estimatu dituztela uste du: “Batzuk gaizki ateratzen dira, baina inperfekzio horretan ikusten duzu bertsolaria ere gizakia dela. Hanka sartzeak oso modu naturalean eta sinpatikoan ikusten dira”.
Dagoeneko 2018-2019 ikasturteko zenbait saio antolatzen hasi dira. Horrenbestez, seigarren urtea ere beteko dute Kabigorriko bertso-gauek. Ilusioz dabil Zelaia, bertso eskolan ari diren hamasei urte inguruko gazte pare batek parte hartzeko aukera edukiko duelako. Adinez helduagoak diren arren, bertso eskolan denbora gutxi daramaten beste zenbait ere animatu nahi lituzke: “Badago jendea bat-batean aritzeko oso gai dena, baina ez dena ausartzen jendaurreko urratsa ematera. Hori errespetatu behar da”. Kabigorrin, behintzat, konfiantza giroan aritzeko aukera edukiko dute.