Betti Gottik antolatutako Koadrila Egunak egun osoko egitaraua proposatzen du biharko

Bihar, ekainaren 21ean, Koadrila Eguna izango da Irunen, Betti Gotti euskara kultur elkarteak antolaturik. Elkarteak egun osoko egitaraua prestatu du urtero moduan, festak goiz goizetik etenik izan ez dezan.

Eguna goizeko 9:00etan hasiko da, Urdanibia plazan egingo den Koadrilen Gosari herrikoiarekin. 9:30ean Goitiberetako parte-hartzaileen arteko zozketa egingo da, lehiaketaren hurrenkera erabakitzeko. Lehia berriz, goizeko 10:00etan hasiko da, orduan hasiko baita IV. Sari Nagusia Goitibera lehiaketa. Ondoren, Koadrilen kamiseten lehiaketaren sariketaren txanda izango da.

12:00etatik aurrera trikitilariek eta Peña Poteo txarangak alde zaharraren inguruko kaleak musikaz alaituko dituzte. Ficobarako bidea hartzeko kalejira, berriz, 13:15ean hasiko da Urdanibia plazan. 14:15ean Ficobara iritsi eta Herri Bazkariari hasiera emango zaio Ficoban, ohiko Globotxupinazoa eginez.

Arratsaldeko 16:00etan bertan bazkaltzen ez dutenentzat Ficobako ateak irekiko dira, sartzeko 2 euro ordaindu beharko direlarik. Ateak irekitzearekin batera, DJ Balberrek girotze lanak hasiko ditu. 17:00etan Burrunba elektrotxarangako kideek lekukoa hartuko diote, Ficobako 3. pabilioian dantzaldia eskaintzeko. 19:00etan DJ Balber taula gainera itzuliko da. 20:30etatik aurrera Matraka elektrotxarangak Koadrilak erdialdeko itzuleran girotuko ditu. Azkenik, Betti Gottik prestatutako mendariaz gozatu ahalko dute indarrak berreskuratzeko hala eskatu dutenek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude