Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik elkarteko Ekintzailetza eta Jarduera Berriaren sailaren bitartez, enpresa ideia eta enpresa proiektuak martxan jartzeko 25 laguntza ekonomiko bideratzen ari dira. Diru-laguntza hau LANBIDE – Euskal Enplegu Zerbitzuaren programa bat da.
Zehazki, 1.000 euro bideratuko dira enpresa ideia bat eratuko duten pertsonentzat. Bestetik, 1.500 euro erabiliko dira enpresa proiektu bat martxan jartzen duten pertsonak laguntzeko. Zenbateko hauek %15 handituko dira baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste %15 emakumezkoa bada.
Laguntzak eskatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik Bidasoa bizirik-en tutoretza eta aholkularitza prozesua hasi izana. Hortaz, eskaera egin nahi duten horiek derrigorrez joan beharko dute aholkularitza prozesuaren hasiera eta laguntzen aurkezpena abenduaren 1ean izango den bilerara.
“Diru-laguntza deialdi honek enpresa ideia baten sorrera, analisia eta egituraketa posible egiteko helburua du, proiektu lokalen testuinguruan prozesu honen tutoretza eta laguntzara bideraturik egongo dena. Horren erakusgarri da, azken hiru urteetan, Bidasoa bizirik-en, deialdietan parte hartu duten 60 laguni prestakuntza eta aholkularitza eskaini diegula, gehienak 30 urtetik beherako emakumezkoak”, azaldu du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.
“Era berean, edozein jarduerarako negozio ideia definitu bat duten pertsonak laguntzea bilatzen da, enpresa jarduera abiatzea ahalbidetuko duten beharrezko laguntza eta aholkularitza ekintzen bitartez” esan du Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak.
Informazio-bilera
Diru-laguntzak jasotzeko interesa duten pertsona guztiek abenduaren 1an, asteazkena, eguerdiko 13:30etan Bidasoa bizirik-eko bulegoetan (Hendaia kalea, 8. Ducoureau Jauregia. Irun) egingo den bileran parte hartu beharko dute. Baldintza, eskakizun edo prozeduraren inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko, www.bidasoa-activa.com/eu/ eta www.ideiakbizirik.com webguneetan kontsultatu, 943 50 96 00 telefonora deitu edo ekintzailetza@bidasoa-activa.com helbidera posta elektroniko bat bidali.