Bidasoa eskualdearen eskaintza turistikoa aurkeztuko da 2025eko FITUR azokan

Bidasoa eskualdeak Turismoko Nazioarteko Azokaren (FITUR) hurrengo edizioan parte hartuko du. Azoka Madrilen egingo da, urtarrilaren 22tik 26ra. Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa biziriken bidez, erreferentziazko ekitaldi hau baliatuko dute eskualdearen erakargarritasun turistiko nagusiak sustatzeko eta kalitatezko helmuga gisa duen posizionamendua indartzeko.

Nuria Alzaga Bidasoa Bizirikeko presidenteak azpimarratu duenez, “FITUR agertoki egokia da gure eskualdeko eskaintza turistikoa ezagutarazteko, eta, beraz, aurten ere ezin genuen hutsik egin. Gainera, DTI ereduaren ezarpenean eta gobernantzan, jasangarritasunean, irisgarritasunean, berrikuntzan eta teknologian oinarritutako etorkizuneko estrategian murgilduta jarraitzen dugu, iaz jasotako bereizgarriak egiaztatzen duen moduan “.

Bestalde, Estitxu Urtizberea, Bidasoa bizirikeko presidenteordeak, nabarmendu du FITURen egoteak aukera ematen digula beste lurralde batzuetako turismo-eragileekin esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko. Elkartruke hau funtsezkoa da hobetzen jarraitzeko eta kalitatezko turismo-helmuga bat eskaintzeko, bai bertako bizilagunei, bai bisitariei mesede egingo diena”.

Indarguneen erakustokia

Ostegunean, urtarrilaren 23an, Irungo Udalak Oiassoko Termak aurkeztuko ditu, bere eskaintza kultural eta ondarezkoaren berrikuntza nagusietako bat. Oiassoko Termek balio historiko handia dute eta eskualdeko ondare erromatarrean interesa duten bisitariak erakartzeko gaitasuna. Bestalde, ostiralean, urtarrilaren 24an, Hondarribia protagonista izango da Erdi Aroko Hirien Sarearen bileraren buru izanik, turismo historiko eta kulturalaren erreferente gisa duen papera sendotuz.

FITURen parte hartuta, Bidasoa eskualdeak turismo iraunkorraren garapenarekin eta bere ondare kulturala eta historikoa sustatzeko duen konpromisoa berretsi egiten du, publiko nazionalari zein nazioartekoari bere eskaintza bakarra eta kalitatezkoa erakutsiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude