Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa zilarrezko ezteiak ospatzeko prest dago

Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa (FICAB) jaialdiaren 25. edizioa ospatzear da. Gaur aurkeztu dute aurtengo edizioaren kartela Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Kulturako ordezkariak eta Aizpea Goenaga FICABeko zuzendariak. Azaroaren 10etik 15era bitartean egingo den zinemaldiaren edizio hau.

Data biribila da, urterik urte eskualdean eta Gipuzkoa osoan errotzen joan den zinema-jaialdi batentzat, gaur egun den erreferentea bihurtu arte. Urteroko hitzordua da, eta bertan, bat egiten dute dokumental historiko eta arkeologikoetan espezializatutako ekoiztetxe ospetsuenek eta kalitatezko ikerketa arkeologikoak egiten dituzten ekoizpen txikiak. Nuria Alzaga Kultura ordezkariaren hitzetan, aurtengo FICAB ez da edonolakoa. Ordezkariak onartu du edizio guztiak bereziak direla, baina 25. hau zilarrezko ezteien ospakizuna da.

Aurten, 24 film hautatu dira, hala sail ofizialean nola hezkuntzakoan. Ildo horretan, aurtengo berezitasuna da Errusia, Txina edo Saudi Arabiatik etorritako filmak hautatu direla, duten kalitate eta interesagatik, baita beste herrialde batzuetakoak ere. Horrela, zinema-jaialdi honek urte hauetan guztietan izan duen bilakaera baloratzera eraman gaitu, eta ikusten dugu eskualdean eta lurralde osoan errotu dela, gaur egun den erreferentzia bilakatu arte”, azaldu du Nuria Alzagak. Kultura ordezkariak azaldu duenez, “gaur aurkezten dugun kartel hau aztarna utziko duen ediziorako pizgarria izango da.

Kartelean zinemaldiaren gaiarekin lotutako elementu tipikoak dauzka, hala nola sarkofagoak, balio handiko zaharkinak edo gune arkeologikoak, eta erdian urre koloreko 25 bat, aurten egingo diren zilarrezko ezteien erakusgarri.

Aurtengo edizioan, proiekzio guztiak berriz ere Amaia KZn egingo dira, iaz Mendibil merkataritza guneko zinema-aretoetan egin behar izan baziren ere, kultur ekipamendua hobetzeko obren ondorioz. Ohi bezala, filmak doan eskainiko dira FESTHOME plataforman.

FICAB ibiltaria da aurtengo beste hitzordu garrantzitsuetako bat. Azaroaren 13an egingo da historialari eta arkeologo profesionalen topaketa hori, Oiasso museoan, eta ondoren harrera-ekitaldi bat egingo da Irungo Udaleko Areto Nagusian, Cristina Laborda alkatearekin.

Epaimahaia eta sariak

Aurtengo epaimahaiko presidentea Jesús Cimarro da, Madrilgo Ekoizle eta Antzerkien Elkarteko presidentea eta Espainiako Antzerki eta Dantza Enpresa Ekoizleen Elkarteen Estatuko Federazioaren presidentea.

Epaimahaikide izango dira hauek: Ana Belén Marín-Arroyo, Historiaurreko katedraduna eta Kantabriako Unibertsitateko Giza Eboluzioko taldeko (EvoAdapta) zuzendaria, Juan Manuel García-Ruiz, Ikerbasqueko zuzendaria Donostia International Physics Centerren eta CSICeko ikerketako irakasle emeritua, Giulia Pruneti, Florentziako Archeofilm Festivaleko zuzendarikidea eta komunikazioko zuzendaria eta Mertxe Urteaga, Arkeologiako doktorea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Artistikoko zerbitzuko kidea.

Hona hemen aurtengo sarien zerrenda:

  • Zinemaldiko sari nagusia: 2.000 euro
  • Ikusleen sari berezia: 1.000 euro
  • Genero-ikuspegiaren EITB saria: 1.000 euro.
  • Hezkuntza saileko saria: 750 euro.
  • Dibulgazio zientifikoko Arkeolan saria: sari ekonomikorik ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude