Bihar jarriko da martxan Artoteka, arte garaikideko zerbitzu berria

Bihar, irailak 18, 18:00etatik 20:00etara ARTOTEKA zerbitzua jarriko da martxan. Arte garaikidea zabaltzeko eta bitartekaritza artistikorako plataforma da, eta tokiko artea hainbat publiko eta eguneroko bizitzako espazioetara hurbiltzeko asmoarekin sortua. Joan den irailaren 11n inauguratutako CBAren Kultura eta Sorkuntza Zentroa, eta espazio berri horren barruan dagoen zerbitzuetako bat da.

Arte garaikidea zabaltzeko modu berriak sortzeko beharretik sortu da ekimena, tokiko artisten lana ikusarazteko eta tokiko sorkuntza artistikoa eta haren gozamena pertsonen eguneroko bizitzara hurbiltzeko.

ARTOTEKAren bidez, interesa duten pertsonek artelanak maileguan eskuratu eta sortzaileekin bitartekotza-jarduerak egin ahal izango dituzte. Horrela, interesa duten pertsonek bertako artisten lana ikasi, esperimentatu eta gozatu ahal izango dute, eta beren lanen bidez egungo erronkei buruz hausnartu ahal izango dute. Aipatu behar da Irun dela plataformari atxikitzen zaion Gipuzkoako lehen udalerria.

Artoteka bilduma

Artoteka artisten obra garaikideen bilduma bat da, hibridoa, diziplina artistiko ugaritako piezak hartzen baititu barnean (marrazkiak, koadroak, argazkiak, eskulturak, bideoak…), eta sortzaileen aberastasuna islatzen duena artistei interesatzen zaizkien gaiak beste jakintza arlo batzuetan azaldu nahian.

Hauek dira ARTOTEKA osatzen duten artistak: Mawatres, Iván Gómez, Maite Pinto, Izaskun Araluzea, Juana García Pozuelo, Estela Miguel, Saioa Olmo, Veronica Domingo, Miguel Cordero, Raisa Álava, Ra Asensi, Jenni Alvarado eta Raquel Meyers.

Mailegu motak eta funtzionamendua

Interesdunek bi modutan mailegatu ahalko dituzte obrak, obra bakoitzaren balioaren arabera. Batetik, 300 eurotik beherako balioa duten obrak doan jarriko dira herritarren eskura, sei hilabeterako gehienez. Obrak garraiatu eta muntatzea interesdunen ardura izango da. Maileguak eta itzulketak ostegun arratsaldero egin ahal izango dira, eta hiriko hainbat elkarteri gonbidapena egingo zaie ekimenaren berri emateko.

Bestetik, 300 eta 6.000 euro arteko balioa duten obren mailegua ikastetxe eta egoitzei, osasun etxeei eta antzeko gune kolektiboei eskainiko zaie hasiera batean. Mailegua martxan jartzeko, bitartekaritza jarduerak diseinatuko dira, gune bakoitzaren ezaugarriak eta erabiltzaile eta artisten behar eta interesak kontuan izanik. Horrela, artisten eta komunitateen arteko topaguneak sortuko dira, obren eta berauen esanahien inguruan modu kolektiboan hausnartzeko. Mailegu mota hau ere sei hilabeterako izango da.

Bestalde, 2025eko irailetik aurrera, Artotekak gehienez ere 6.000 euroko balioa duten bost artelan instalatuko ditu udal espazioetan, eta, hirutan, obra lagatzen duen artistarekiko tailerrak antolatuko ditu.

Artotekan parte hartzea

Beren obra Artoteka bilduman sartzea nahi duten artistek portfolio bat bidali behar dute, gehienez ere hamar obraz eta bakoitzaren fitxa teknikoez osatua, helbide elektroniko honetara: info@artoteka.org.

Irizpide hauek hartuko dira kontuan: obra Artotekaren helburuak lortzeko egokia izatea eta arte garaikidearen egungo diskurtsoen ildotik joatea eta artistak arte gaiei buruzko bitartekaritza tailerrak ematen esperientzia izatea eta haiek euskaraz emateko gaitasuna izatea.

Baldintzak

Artotekak urtebeteko kontratu bat sinatuko du hautatutako artista bakoitzarekin, artistak sei obra lagatzeko. Hiruk 6.000 eurorainoko  balioa izan beharko dute, eta beste hirurek, 300 eurorainokoa. Gainera, Artotekak konpromiso hauek hartuko ditu: obra urte osoan zehar mantentzea bilduman eta Udalaren web plataformaren eta sare sozialen bidez hari ikusgaitasuna ematea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude