Bioterra azokak funtsezkoenarekin konektatzeko aukera emango du ekainaren 6tik 8ra Ficoban

Ekainaren 6an, 7an eta 8an, Ficoban egingo da bizimodu ekologikoago, kontzienteago eta osasungarriago batean sinesten dutenentzat Euskadin erreferentea den Bioterra azokaren 22. edizioa. Bioterran ekologiarekin lotutako sektore askotako eragileak elkartuko dira, hala nola nekazaritza ekologikoa, bioeraikuntza, energia berriztagarriak, kosmetika, moda jasangarria eta kontsumo arduratsua.

22. edizio honetan, hasierako ilusio berarekin dator Bioterra, azoka hutsetik harago baitoa ekimena: hazten ari den komunitate bat ere bada, elkartzeko, inspiratzeko eta eraldatzeko espazio bat.

Krisi ekologikoak eta informazioaren saturazioak markatutako testuinguru batean, Bioterrak jasangarritasun errealaren aldeko apustua indartu du, enpresa parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak aplikatu baitizkie, eduki guztien benetakotasuna egiaztatzen duten adituen batzorde tekniko baten bidez.

Horrela, Bioterrak bere aletxoa jartzen du greenwashing edo ekoitxurakeria borrokatzeko, eta  lekua ematen die gauzak benetan ondo egiten ari direnei.

Bioterra, esperientzia bikaina

Aurten, Bioterran 115 enpresa erakusketari baino gehiago egongo dira beren produktu eta zerbitzu ekologikoak erakusten. Askotariko gaiekin dute lotura: elikadura organikotik hasi eta energia berriztagarrietaraino, baita kosmetika naturala, moda jasangarria, bioeraikuntza edo kontsumo arduratsua ere.

Aurtengo berritasunen artean, aipatzekoa da olio ekologikoari eskainitako espazio bat. Bertan, zorrotz aukeratutako jatorri-deitura batzuk bildu dira, eta dastaketa gidatuak eskainiko dira. Proposamen honek potentzial izugarriko produktu bat du ardatz, eta bat egiten du merkatuko egungo joerekin, gero eta gehiago bilatzen baitira produktu ekologikoak, tokikoak eta bidezko merkataritzakoak.

Harago doan azoka bat

Bioterraren ezaugarririk behinena da dibulgazioaren aldeko jarrera. Edizioz edizio, hausnarketa kritikoaren, ingurumen-hezkuntzaren eta eraldaketaren aldeko rol hori indartzen da. 2025ean, hiru gai nagusiren inguruan antolatu dira jarduerak: ekologia, osasuna eta planetaren aldeko konpromisoa. 70 proposamen inguru antolatu dira, askotarikoak: hitzaldiak, tailerrak, yoga saioak eta, berritasun gisa, taichi saio bat. Helburua? Bioterrara datozenei esperientzia integral bat eskaintzea, ikas eta goza dezaten, esperientziak parteka ditzaten eta funtsezkoarekin berriz konektatu daitezen.

Aurtengo ekimen nabarmenak:

  • «Plastikorik gabe bizi», Patricia Reina eta Fernando Gómezekin; 5.000 km egin zituzten oinez Iberiar penintsulako kostatik plastikoek itsasoan duten inpaktua ikusarazteko eta hondakinik gabeko bizimodu bat sustatzeko, eta bizitako esperientzia kontatuko digute.
  • «Sintrópica, semillas de cambio» (Sintropika, aldaketa-haziak) dokumentala, Miguel García Orive zuzendariarena, nekazaritza ulertzeko modu birsortzaile berriei buruzkoa.
  • Instalatu zeure plaka fotovoltaikoak; hitzaldi honetan, Tristán Urtizberea adituak urratsez urrats azalduko du nola diseinatu eguzki- energia ustiatzeko zure sistema propioa.
  • Permakultura zure bizi-proiektua eraldatzeko, Mandala zentroko Maxen eskutik, naturarekin lotutako bizitza buruaski batekin amesten dutenentzat.
  • Feng Shui praktikoa, 25 urtetik gorako eskarmentua duten Lourdes Galarraga barne-diseinatzailearekin; geure etxea nola eraldatu erakutsiko digu, lasaitasunez eta ongizatez betetako espazio bat izan dadin.
  • Hasi oinarritik bertatik zeure burua zaintzen; osasun digestiboari eta ongizate integralari buruzko hitzaldi bat Lorea Aguirre nutrizio holistikoko espezialistarekin.

Berrikuntzak eta errotutako proposamenak

Bioterrak jarduera ugari proposatzen ditu, eta etengabe eguneratzen dira webgunean. Edonola ere, berritasun batzuk iragar ditzakegu dagoeneko, hala nola Gazteak On sariak banatzeko ekitaldia. GAZTEAK ON proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan antolatutako mugaz gaindiko Ideiak 2024 aurrekontu parte-hartzailean saritu zuten.

Bidasoaldean elikadura-burujabetzaren alorrean lanean dabiltzan hiru erakundek sustatu zuten: Labore Txingudik, Maïa Permaculturak eta Hendaia Koop-ek.

Gazteak On Bidasoa-Txingudi aldeko DBHko eta eskoletako ikasleei zuzendutako lehiaketa bat da, eta elikadura jasangarriari buruzko hausnarketa eta sentsibilizazioa sustatzea da haren helburua. Parte-hartzaileek bideo laburren bidez aurkeztu dituzte proiektuak, eta ekarpena egiten diote horrela ikastetxeetako elikadura-subiranotasunari. Guztira, 15 lan aurkeztu dira, eta bi sari jaso ditzakete: epaimahaiaren saria, aditu talde batek emandakoa, eta publikoaren saria, bozketa bidez hautatua.

Bioterraren programazioan sendotuta dagoen beste jarduera bat da Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleten azoka.

Aurreko edizioko harrera ona ikusita, Merka2dasoa Bioterran izango da aurten ere, Txingudiko Zerbitzuek antolatuta. Ekimenaren xedea da berrerabilera sustatzea, hondakin gutxiago sortzea eta izen ona ematea bigarren eskuko azokei, herritarrei espazio praktiko eta irisgarri bat eskainita egoera onean dauden produktuen bizitza erabilgarria luzatzeko.

Berritasun gisa, aurten bigarren eskuko bizikleta bat saldu nahi dutenek Bioterra hasi baino astebete lehenagotik entregatu ahalko dute Ficoban.

Klima Azoka Bioterran izango da

Bioterrak eskaintzen dituen edukiak aberastuko ditu Klima Azoka jasangarritasunaren aldeko ekimen ibiltariarekin. Ihobek eta EEEk antolatuta, esperientzia interaktibo hau klima-aldaketaren inguruan mobilizatu, hezi eta kontzientziak pizteko diseinatua dago.

Azokak karpa batzuetan barrena ibilaldi bat egitea proposatzen die bisitariei, eta bakoitzean gai bat jorratzen da, hala nola klima-aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia eta kontsumoa, klima-aldaketaren aurreko egokitzapena LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren bidez eta lurzoruaren babesa. Jolas eta dinamika interaktiboen bidez, parte-hartzaile bakoitzak bere ingurumen-inpaktuaren inguruan hausnartuko du, baita jasangarritasunaren aldeko bere konpromisoetan pentsatu ere.

Aurten ere, Bioterra azoka bat baino askoz gehiago da: topagune bat da, ikasteko eta inspiratzeko leku bat, munduan bizitzeko gure modua benetan eraldatu nahi duten pertsona guztiei zuzendua. Bioeraikuntzatik hasi eta energia-subiranotasuneraino, haurtzarotik hasi eta komunitate kooperatiboetaraino, ekitaldian ikusgai egongo diren proposamen guztiek gogora ekarriko digute aldaketa, beharrezkoa izateaz gainera, posible ere badela.

Irakurri egitarau osoa

Jarduera hauek 2025eko Bioterrak eskainiko duenaren lagin bat baino ez dira. Horregatik, interesa duten guztiak azokaren webgunean programa osoa kontsulta dezakete.

Bioterra ez da azoka huts bat, beste gizarte-eredu bat lantzen, ontzen eta babesten dutenei begietara begiratzeko aukera bat da. Inspiratzeko, ikasteko, erantzunak topatzeko eta benetako loturak sortzeko topagune bat da. Etorkizun justuago, kontzienteago eta berdeago  bat irudikatzeko eta eraikitzeko gonbidapen bat.

Erakundeen adierazpenak:

Cristina Laborda. Irunego alkatea den Cristina Labordak nabarmendu nahi izan du Bioterra erreferentea dela ez bakarrik Euskadin, baita Estatu osoan ere. “Ficobaren anbizioa eta Irunen konpromisoa bikain ordezkatzen duen iraunkortasunaren arloko posizionamendua da hau, eta herri honek urratsak ematen jarraitzen du klima aldaketaren aurkako borrokan, 2030 Agendaren esparruan. Bioterrak fokua jartzen laguntzen digu, erreferente diren adituek euren ezagutza azokan partekatuko dutelako”, gehitu du Irungo lehen edilak.

José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatuak. “Bioterra ez da azoka bat soilik, topagune ezinbestekoa da planeta justuago, iraunkorrago eta konprometituago baten alde egiten dugunontzat. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamendutik hamar urte daramatzagu hitzordu hau babesten, tresna estrategikotzat jotzen baitugu herritarrengana hurbiltzeko trantsizio ekologikoa bultzatzen duten proposamen zehatzak.

Aurten ere parte hartuko dugu gure stand propioarekin, gure lan ildo nagusiak erakutsiz energia, mugikortasun, ekonomia zirkular eta biodibertsitatearen arloetan. Gure helburua argia da: etorkizuneko erronkei aurre egiteko lurralde erresilienteago eta prestatua eraikitzen jarraitzea, elkarlanean.

Aurten, berrikuntza gisa, Gipuzkoako Eguzki Atlas berria aurkeztuko dugu, edozein pertsonak bere etxebizitzaren potentzial fotovoltaikoa ezagutu eta eguzki plaken instalazioak ekar ditzakeen energia eta diru aurrezpena kalkulatu ahal izango duen plataforma digital aitzindaria. Energia demokratizatzean sinesten dugu irmoki, eta herritarren zeregin giltzarrian energia ereduaren eraldaketan”.

Bestalde, Azahara Domínguez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidente eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu duenez, GGLAk lehen aldiz parte hartzen du stand propioarekin Bioterran. “Gure standera hurbiltzen diren pertsonek MUGI txartel anonimoak eskuratu ahal izango dituzte, eta MUGI txartel pertsonalizatuak online izapidetzen ere lagunduko zaie, garraio publikoaren erabilera sustatuz, alternatiba jasangarri, eraginkor eta azoka honen espirituarekin koherente gisa”, adierazi du Azahara Domínguezek. “Bioterrako azoka hau bezalako erakusleihoak bikainak dira herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko, eta garraio publikoak erabiltzaileen kopuruari eusteaz gain, horiek hazten jarrai dezaten lortzeko, Gipuzkoa lurralde bizigarriagoa eta kohesionatuagoa bihurtzeko konpromisoa sendotuz”, gaineratu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude