Borja Estombak Hawaiiko Munduko Triatloi Txapelketan parte hartuko du urrian

 

Argazkia: Estudio Gover.

Borja Estombak piraguismoan hasi zuen bere kirol ibilbidea eta hainbat garaipen lortu zituen bertan. Europako 23 urtez azpiko txapelketako irabazlea izan zen 2009an eta Sellaren Jaitsiera irabazi zuen 2018an. Ondoren triatloi mundura egin zuen jauzi, 2023an Gasteizko Ironmanen hirugarren izan eta aurten, berriz, txapeldun. Hawaiien jokatuko den Munduko Txapelketarako sarbidea eman dio eta horretarako nola prestatzen ari den azaldu digu.

Zure kirol ibilbidea piraguan hasi zenuen. Zergatik aukeratu zenuen kirol hori?

Txikitatik oso ume mugitua izan naiz. Energia asko nuen, beraz, kirolak nire denboraren zati handi bat betetzen zuen. Ikasturtean zehar Eskola Kirola eta udetan hainbat kirol egin nituen, esaterako, tenisa edo karatea. Horrelako batean, ibai albotik paseatzen piraguak ikusi nituen eta ikastaro batekin hastea eskatu nien gurasoei. Probatu eta asko gustatu zitzaidan eta Santiagotarrak klubean sartu nintzen.

Nola bizi izan zenituen piraguismoan lortutako garaipenak?

Urte askotako lanaren saria izan ziren. Txikitan ez nuen emaitza paregaberik lortu, baina senior mailan Espainiako Txapelketa irabazita, Europakoan parte hartzeko aukera izan nuen. Egia esan, Europako garaipena ez nuen espero. Sellako garaipena ordea, urte gehiagoren lana izan zen, 2015ean eta 2016an bigarren izan nintzelako eta 2018an azkenean irabaztea lortu nuen. Garaipenek eragindako poza berdina izan da. Europakoan gazteagoa nintzen eta txapelketa internazionala zenez, inguruan ospatzeko jende gutxi izan nuen momentu horretan, ama, izeba eta anaia bakarrik. Sellan berriz, hango lagunak nituen inguruan eta baita hemengo batzuk ere; beste era batera bizi izan nuen.

Kirol ezberdinak dira eta bakoitzaren prestaketari ordu asko eskaini behar zaizkio Ironman batean parte hartzeko

Zergatik erabaki zenuen piraguatik triatloira jauzi egitea?

Ez nazkatuta, baina bai apur bat nekatua nengoelako piraguarekin. Azkenean, egunero piraguarekin entrenatzeaz nekatua nengoen eta erronka berriak nahi nituen. Pandemian etxean bizikleta arrabola bat nuela aprobetxatuz, bizikletan ibiltzen hasi nintzen eta kuadratloien berri izan nuen; triatloiko hiru kirol horiek gehi piragua. Horrela hasi nintzen bertan.

Zein izan da aldaketa nabarmenena kirol batetik bestera?

Prestaketa guztiz desberdina da. Piraguan, asteko 6 edo 7 egun piraguan sarturik ematen dituzu; triatloian berriz, hiru kirolak nahastu behar dituzu eta egun batzuetan igeri egitera zoaz, bestela, korrika egitera edo bizikletan ibiltzera. Hori dena gimnasioko lanarekin uztartu behar duzu, beraz, aukera zabalagoa da.

Orain arte triatloian lortutako lorpenek kirol honetan jarraitzeko gogo handiagoa eman dizutela esango zenuke?

Bai, horiek ere lanaren saria izan dira, lehen asko entrenatzen bainuen, baina orain gehiago. Kirol ezberdinak dira eta bakoitzaren prestaketari ordu asko eskaini behar zaizkio Ironman batean parte hartzeko.

Hala ere, orain arte lortutako esperientzia eta kirol diziplina oso barneratuak dituzu noski, ezta?

Hori da. Prestaketa fisikoa ezberdina da, piraguan gehiago erabiltzen direlako besoak eta triatloian aldiz beste gorputz atal batzuk. Aitzitik, prestaketa psikologikoa, aurretik piraguari esker nuena, oso baliagarria egin zait, piragua delako gogor egin nauena.

Orain Konan, Hawaiin, urriaren 26an egingo den Munduko Txapelketa prestatzen ari zara.

Gasteizkoaren ostean bi asteko atsedenaldia hartu nuen, gorputzarentzat oso garrantzitsua delako tarteka atseden hartzea. Orain berriro entrenamendu fisikoekin hasi naiz. Bitartean, lan logistikoak egiteko aprobetxatu dut, gauza asko antolatu behar direlako: hegaldiak, kotxe eta pisu alokairua, etab. Horiek ere lan korapilatsuak izan dira, baina egin beharrekoak. Izan ere, horretarako ez dut bestelako laguntzarik, soilik nire neskaren, amaren eta neskaren amaren laguntza dut. Hainbeste ordu entrenatzeko, eta etxean urte eta erdiko txiki bat izanda, hori dena gestionatzeko, laguntza behar da. Dena den, norbait babesle bezala laguntzeko prest badago, ni pozik.

Zein da zure helburua Munduko Txapelketara begira?

Berriro ere, aurretik egindako lan guztia bertan erakustea frogaren egunean. Batez ere, nire nahia da egindakoarekin eta nire buruarekin pozik amaitzea. Esperientzia hori bizitzeko gogo handia daukat.

Horretaz guztiaz gain, gustatuko litzaidake Irunen, nire hirian bertan, triatloi txapelketa bat antolatzea

Zeintzuk dira zure aurkariak?

Lehena, klima. Bero eta hezetasun handia egingo du, beraz zaila izango da baldintza horietan lehiatzea. Eta kirolariei dagokienez, ez dut izen jakinik esango, munduko txapelketa bat denez parte hartuko duten kirolari guztiek Ironman bat irabazi dute edo bigarren edo hirugarrenak izan dira, eta beraz, maila izugarriko txapelketa izango da. Hortaz, ez dut aurkari zehatzik.

Etorkizunari begira, zeintzuk izango dira zure erronka pertsonalak kirol arloan?

Bi arlo desberdinduko nituzke. Alde batetik, txapelketetan, badira ilusio berezia egiten didatenak. Lehena, Zarauzko Triatloia, zozketa bidez egokitzen zaizulako bertan parte hartzea. Aurten ez zait tokatu, baina asko gustatuko litzaiguke noizbait parte hartzea. Bestetik, Alemanian Roth Challenge izeneko proba ospetsu bat dago. Horretaz guztiaz gain, gustatuko litzaidake Irunen, nire hirian bertan, triatloi txapelketa bat antolatzea. Hirian maila altuko igeriketa, atletismo eta txirrindularitza klubak ditugu, baina ez kirol horiek guztiak batzen dituen txapelketarik. Gauzak horrela, uste dut triatloi bat antolatzea kirol hau sustatzeko aukera bikaina izan daitekeela. Agian horri esker triatloi talde bat eta guzti sortu genezake hirian.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude