Beñat Bengoetxea, Hondarribiarra jaiotzez, Sevillan bizi da gaur egun lan kontuak direla medio. Futbolari moduan abiatu zen Beñat kirolaren munduan eta, 12 urtez Hondarribiko Futbol elkartean ibili ostean, triatloia probatzera ausartu zen. Jada sei urte inguru daramatza triatloia praktikatzen eta, entrenamenduei esker, etorkizunean lorpen berriak eskuratzeko irriketan dago.
Triatloia pertsona askorentzat ezezaguna den kirol bat izan daiteke. Zuk nola ezagutu zenuen?
Gaur egun geroz eta federatu gehiago dauzkan kirola da, nahiz eta oraindik Hondarribia eta Irunen afizio gutxi duen. Triatloia olinpiada batzuetan ezagutu nuen eta bertan kirol honetaz maitemindu nintzen. Txikitatik gure artean triatloi txikiak antolatu edo nire kabuz entrenatzen nuen, inolako profesionaltasunik gabe.
Beste kirolekin alderatuta, triatloia kirol sakrifikatuagoa da?
Kirol bakoitzak bere gauzak dauzkanez, nik ez nuke esango triatloia sakrifikatuagoa denik. Duela bi urte klub batean entrenatzen hasi nintzen, ordutegi eta taldeko entrenamenduekin eta, sakrifizio puntua duen arren, talde kirol baten antza gehiago du orain.
Konstantzia mantentzea garrantzitsua izango da ez?
Bai, triatloia praktikatzen hasi nintzenean ulertu nuen zein garrantzitsua den kirolean konstantzia mantentzea. Triatloian entrenamendu bat galtzeak, gutxienez psikologikoki, bere eragina dauka. Sakrifizioa eta konstantzia ondo barneraturik izatea garrantzitsua da.
Lorpenak eskuratu ostean, hobetzen jarraitzeko nahia pizten da?
Bai, hori oso garrantzitsua da. Lehen urteetan garaipenak lortzea gehiago bilatzen nuen; orain, ordea, maila altuagoetan lehiatzeko aukerak lortzeak gehiago motibatzen nau, nahiz eta horrek sailkapeneko atzeko postuetara eraman nazakeen.
Lortutako garaipenen artean, ba ahal da era berezian gogoratzen duzun garaipenik?
Garaipen gutxi lortu ditut, baina, bigarren edo hirugarren postu asko egin ditut. Nire lehen triatloia Huelvan irabazi nuenean oso ondo gogoratzen dut, izan ere, lehen garaipena beti bereziagoa da.
Azkenaldian txapelketa askotan parte hartu duzu?
Aurreko urtea oso luzea izan zen, irailean entrenatzen hasi eta 2018 urrira arte lehiatzen ibili nintzelako. 13 hilabete gogor izan ziren eta urtean zehar 25 lehiaketetan parte hartu nuen.
Atsedenaldiaren ostean, noiz hasiko dira hurrengo txapelketak?
Orain aurre-denboraldiarekin hasi naiz berriz. Negu partean txapelketa gutxi dauden arren, otsailetik aurrera duatloi denboraldiarekin hasiko gara eta maiatzetik aurrera triatloi denboraldiarekin urrira arte.
Zein helmuga ezartzen dizkiozu zeure buruari hasi berri den urte honetan?
Lanak denbora asko kentzen didanez, aurreko urteko emaitzak lortzeaz gain, gustuko dudan kirola lagunekin partekatzen jarraitzea gustatuko litzaidake.
Jarraian elkarrizketa osoaren bideoa ikusteko aukera duzue Txingudi Onlinen: