Denboraldi amaierara hurbiltzen ari dira Txingudi errugbi klubeko taldeak

 

Argazkia: 14 urte azpiko taldeak Iruñean jokatutako azkeneko partidaren irudiak (Iturria: Txingudi Errugbi Kluba).

14 urtez azpiko taldea izan da Gipuzkoako ligako B multzoko azken fasera iritsi dena. Denboraldia sentsazio onekin hasi zuten gazteek lurraldeko zazpiko errugbiko topaketetan, baina urtarrilean hasi zuten Gipuzkoako hamabosteko errugbiko ligan ez ziren hain fin ibili, haien jokoa hobera egin bazuen ere ligan zehar. Azken fasean A multzoan sailkatzeko aukerarik gabe, B multzoko kanporaketak jokatu dituzte azkenengo asteetan Iruña eta Zarautz/Beltzaken aurka garaipen garrantzitsuak eskuratuz.

Bihar La Unica jasoko dute Plaiaundin, 11:00etatik aurrera sub 14 taldearen denboraldiari amaiera emango dion eta, zalantzarik gabe, interesgarria izango den norgehiagokan. Klubetik jakinarazi dutenez, zuzenean ikusi ahalko da sare sozialen bitartez.

Gabiria Txingudi/Baztanek etxetik urrun

Iruñera bidaiatuko du Txingudiren sub 16 taldeak Iruña RC taldearen aurka jokatzeko igandean 11:00etan, Euskal ligako B multzoko azkeneko jardunaldiko partidarako. Zazpigarren kokatzen dira eta denboraldia ahalik eta hoberen ixtea dute helburu asteburu honetan.

Partidarik ez Biok Txingudirentzat

Emakumezkoen taldeak larunbatean jokatu behar zuen azkenaurreko jardunaldiari dagokion partida, baina aurkariak bertan behera uztea eskatu du. Hortaz, datorren astean izango du Biok Txingudik denboraldiko azkeneko topaketa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude