Zaisa Txingudik denboraldiko partidarik garrantzitsuenari egin beharko dio aurre larunbatean

Denboraldiko helburua lortzeko azkeneko aukera du Zaisa Txingudik larunbat honetan Plaiaundin. Camareroren mutilek 33 puntu dituzte eta laugarren sailkatzen dira, igoera play-offera sarbidea ematen duen hirugarren postutik puntu bakarrera. Denboraldiko partida garrantzitsuena izango dena 16:00etatik aurrera jokatuko da.

Aurkaria, Gaztedi B, denboraldi gorabeheratsua egiten ari da eta, zalantzarik gabe, ez dizkie gauzak erraztuko mugakoei. Baina irabaztea ez da nahikoa Plaiaundikoentzat. Larunbatean ere ordu berean jokatuko den Zarautz B/Beltzak – La Unica B partidan begi bat ere izango dute, iruindarren garaipen batek Txingudiren itxaropenak zapuztuko lituzke-eta.

Partida erabakigarri honetan ezingo dira izan Xabi Sánchez, Lander Vielba, Odei Alonso, Jon Sanchez, Alberto Robleda ezta Hodei Guerrero ere, eta Javi Paredes eta Mikel Genua jokatu ahalko dutenik ez dago konfirmatuta.

Gazteak ere lehian

Larunbatean, 12:00etatik aurrera, 18 urtez azpiko taldeak Durangon jokatuko du ligako azkeneko partida. 16 urte azpiko Gabiria Txingudi/Baztan taldeak, aldiz, etxean jasoko ditu La Unicako iruindarrak, larunbatean ere, 11:00etan.

Sei nazioen jardunaldi berri

Emakumezkoen Europako txapelketarik garrantzitsuena Irungo Kale Nagusiko tabernako pantailetan egongo da beste asteburu batez. Larunbatean, Ingalaterrak Irlandaren aurka jokatuko du 15:15ean eta, segidan, 17:45ean, Italiak Eskozia jasoko du. Igandean, aldiz, 16:15ean jokatuko da jardunaldiko azkenengo partida, Gales eta Frantziaren artekoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude