Egitarau oparoa prestatu dute 2025eko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira

Irungo alkate Cristina Labordak, Berdintasuneko ordezkari Maite Cortinak eta hiriko hainbat emakume elkarte eta/edo elkarte feministatako ordezkariek agerraldia egin dute, gaur, Irungo udaletxeko areto nagusian, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko prestatutako jarduera programa aurkezteko. Datorren larunbatean izango da Emakumeen Nazioarteko Eguna, martxoaren 8an.

Lehen jarduera astearte honetan izango da, hilak 4: Inspiratzen nauten emakumeak muralaren sorrera, Anakako adinekoentzako lokalean. Ordutik hilaren 31ra arte, hainbat tailer, hitzaldi eta erakusketa izango dira, eta are hiriko ikastetxeekiko ibilbide historiko bat, “Emakumeen arrastoak Irunen” izenburukoa, maiatzera arte egingo dena.

Irungo Udalak antolatu ditu Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko jarduerak, Bidasoaldeko Elkarte Feministarekin, Parean Elkartearekin, Gaurko Andreak Berdintasunaren Alde elkartearekin, Uxoa eta Argoiak elkarteekin,  Txingudiko Elkarte Feministarekin, Irungo Emakumeen Etxea Elkartearekin eta M8 Asanblada Feminista Bidasoarekin elkarlanean. Ildo horretatik, nabarmentzekoa da egitarauaren transbertsalitatea, aipatutako elkarteek ez ezik Kulturako eta Gazteriako zerbitzuek, adinekoen zerbitzuak eta CBAk ere osatu baitute.

Irungo alkate Cristina Labordak adierazi duenez, “ibilbide luze bat dugu aurretik emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna errealitate bihurtzeko. Udaletik, hiriko erakunde feminista eta emakumezkoekin bat, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratzen jarraituko dugu. Bai delako ospatzeko egun bat, baina baita aldarrikatzekoa ere. Bidezko eta berdintasunezko gizarte baterako bide horretan herritarrengan eragina izaten jarraitu nahi dugu mezu feministekin”.

Berdintasuneko ordezkari Maite Cortinak, berriz, eskerrak eman ditu: “Elkarte guztiek herritarrek parte hartzeko programa oso eta askotariko bat prestatzeko lan egin eta laguntza eman dute. Beste urte batez, aldarrikapenerako martxo baten atarian gaude, eta, inoiz baino gehiago, elkarrekin egongo gara, programa osatzen duten jarduera ugariei esker. Berdintasun Arloak emakumeen ahalduntzeari eta berdintasunaren aldeko borrokari ikusgaitasuna emateko ekimenak sustatzen jarraituko du, oraindik lan handia baitugu egiteko. Herritar guztiak jardueretan pate hartzera animatzen ditugu”.

Aldarrikapenerako martxoaren 8a

Martxoaren 8a izango da jardueren erdigunea, orduan ospatzen baita Emakumeen Nazioarteko Eguna; aurten, larunbatarekin. Egun horretarako, Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak San Juan plazan elkarretaratzera deitu du, ohi bezala: 12:00etan izango da kontzentrazioa, “Egunero izan beharko litzateke M8” lelopean. Arratsaldean, berriz, hiru film emanaldi izango dira, hiriko hiru lekutan: 17:00etan, Amama, Behobiako adinekoentzako lokalean, eta Te doy mis ojos, Luis Marianokoan, eta, 17:30ean, Madam C. J. Walker, Anakakoan.

Bestalde, 17:30ean, 12 urtetik 17 urtera arteko gazteentzako jarduera bat izango da, Artiako gaztelekuan: Estereotipoak hausten muralaren sorrera. Ordu berean, Lekaeneko adinekoentzako lokalean, beste mural bat sortuko da, hiriko emakume garrantzitsuei buruzkoa. Azkenik, 18:30ean, M8 Asanblada Feminista Bidasoaren manifestazioa egingo da; Irunen barrena, Avenida zubian 18:30ean, Gernikako Arbola plazan 18:45ean, Zabaltza plazan 19: 00etan eta San Juan plazan 19:30ean.

Zinema feminista zikloa

Martxoaren 8a ospatzeko antolatutako jarduera egitarauaren barruan, Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak, Irungo Emakumeen Etxea elkarrekin kudeatzeko hitzarmenaren esparruan, zinema feminista ziklo bat antolatu dute. Emanaldiak martxoko ostegun guztietan izango dira, OCine Mendibil aretoetan, eta Nerea Almazánek aurkezle lanak egin eta ondorengo mahai inguruak dinamizatuko ditu:

  • Martxoaren 6an, 19:00etan, Indarkeriaren oi(h)artzunak, Ander Iriarte zuzendariarekin.
  • Martxoaren 13an, 18:00etan, Nina, Ainara Pérez aktorearekin.
  • Martxoaren 20an, 18:00etan, Soy Nevenka, Guadalupe Balaguer produkzio zuzendariarekin.
  • Martxoaren 27an, 18:00etan, Los destellos, Eider Rodríguez idazlearekin.

Sarrerak doan eskuratu ahalko dira, aretoaren 235 ikus-entzuleko edukiera bete arte, www.irun.org helbidean. Pertsona bakoitzak lau gonbidapen eskatu ahalko ditu gehienez, eta gonbidapena jaso izana egiaztatzeko mezua erakutsi beharko da sarreran.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude