Irungo Udaleko Obra, Mantentze Lan eta Azpiegitura arloak jakinarazi duenez, aurtengo landabideak hobetzeko kanpainaren barruan, konponketak egiten ari dira Irungo zenbait landabidetan. Aurten bi eremuetan egingo dira konponketa lanak: Elatzeta eta Etxeberriko landabideetan. Horrela, zatirik kaltetuenak edo narriatuenak konponduko dira, hautemandako arazoak zuzentzeko. IM Arrixko Igeltseritza SL enpresa da obren esleipenduna, 114.267,81 euroko aurrekontuarekin eta obrak osatzeko bi hileko epearekin.
Konponketa lanak
Lank bi eremutan egingo dira: Elatzeta bideko 8.ean, Katea eta Olaberria lotzen dituen GI-3452 errepidean, eta Etxeberri bideko 15.ean, Ama Xantalen ermitatik Makatzaga bideko 33.era bitartean. Konponduko diren bide zatiak aski hondatuta daude, arrakalak eta zuloak baitituzte, baita asentu handiak ere, eremu batzuetan.
Lanen helburua bide horiek konpontzea izango da, arazoei oinarritik helduta. Egungo bideen hormigoizko gainazala guztiz eraitsiko da, eta azpiko lurrak egonkortzeko indusketa-lanak egingo dira, lurrak hustu edo kutsatu diren lekuan saneamendu-lanak osatuta.
Eraisketaren ondoren, egungo oinarriak indartuko dira, oinarri granular berri bat zabaldu eta trinkotuta, zabor-legar artifizialen bidez, 15 cm-ko sakoneran, hormigoizko zoladura berria eraiki aurretik. Zoladura berri horren hormigoiak zuntzak ere izango ditu aipatutako oinarri granularraren gainean, eta horrek osatuko ditu, hain zuzen, bide berriak.
Elatzeta bidean, gainera, oinarripeko lurrak hustu egin dira eremu batzuetan eta, arazo hori konpontzeko, beste oinarri bat eraikiko da, lubeta-harriz eta hormigoiz egina, 75 cm-ko sakoneran.
Irungo Udaleko Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkari Gorka Álvarezen hitzetan, “Irunek naturagune aski zabal du, batik bat hiriaren hegoaldean, eta gure helburua da bertako landabideak ahalik eta egoera onenean egotea. Ibilgailu eta pertsonen joan-etorriaren eraginez, denboraren poderioz eta eguraldi txarrarekin hondatu egin dira. Hori dela eta, landa bideak hobetzeko hainbat kanpaina bultzatzen dira, aurrekontuetako baliabideen arabera. Tarte zehatz horietan hobekuntza lan horiek egin ondoren, udaberriari begira egoera ezin hobean egongo dira”.



