Irungo Udalak zenbait kanpaina egin ditu azken urteetan, Obra, Mantentze Lan eta Azpiegitura arloaren bidez, hiriko ibilbideak hobetzeko eta oztopo arkitektonikoak kentzeko. Horrela kaleak indarreko araudiaren arabera birmoldatu dira, antolaketari eta zoladurari dagokienez. Udan eginiko hobekuntza-lanen ondoren, aurtengo kanpaina beste lau jarduera berri eginez amaituko da.
Kanpaina honetan, Irungo Udalak 41.000 euro bideratu ditu jarduketa horiek egiteko, hiru hilabeteko epean. Enpresa esleipenduna Excavaciones y Transportes ORSA, S.L. da. Hiriko puntu hauetan jardutea aurreikusita dago orain: Berio, Salvador Etxeandia, Izaga, Gaztainondo, Pagoa eta Haritza kaleetan eta Ibarrola hiribidean.
Zehazki, zebra-bide berriak sortu eta jada daudenak egokitzeko lanak egingo dira. Zebra-bide berriak sortuko dira Berio kalean, Euskal Herria hiribideko eraikinen atze aldera jaisten den tokian; Ibarrola hiribidean, 5 eta 13 zenbakien arteko oinezkoen sarbidea errazteko; Gaztainondo kalean, 3 zenbakiaren parean, eta Pagoa eta Haritza kaleekin izkina egiten duen tokiko pasabideak beheratzea. Bestetik, oinezkoen bi pasabide egokituko dira Salvador Etxeandia eta Izaga kaleetan, espaloiarekin berdintzeko.
Amaituta dauden jarduketak
Orain egingo diren jarduera hauek azken hilabeteetan eginikoei batuko zaizkie, alegia, Teodoro Murua, Errotaundi, Dario de Regoyos, Policarpo Balzola, Cesar Figuerido, Miguel de Ambulodi, Alcadía de Sacas, Lapurdi, Olaketa, Salvador Etxeandia eta Izaga kaleetan eta GI-636 errepidean Behobiatik igarotzen den gunean eginikoei, hain zuzen.



