Irungo Udalak hainbat kanpaina egin ditu azken urteetan Obra, Mantentze Lan eta Azpiegitura arloaren bidez, hiriko ibilbideak hobetzeko eta oztopo arkitektonikoak kentzeko eta kaleak indarrean dagoen araudira egokitzeko. Aurtengo kanpainan zenbait jarduketa egingo dira, esaterako, Teodoro Murua eta Errotaundi kaleetako espaloietan, eta zebrabide berriak eraikiko dira. Gainera, egungo zebrabideen irisgarritasuna hobetuko da.
Kanpaina honetan Irungo Udalak 215.000 euro bideratuko ditu jarduketa horietara, lau hilabeteko epean. Zehazki, hobekuntza hauek egingo dira:
Oinezkoen ibilbideak hobetzeko lanak
- Teodoro Murua kalean: Artiako futbol-zelaiaren aparkaleku publikoaren ondoren dagoen espaloi zatia ez da 2 metroko zabalerara heltzen, eta aski narriatuta eta egoera eskasean dago. Espaloia bi metrora zabalduko da, legeak eskatutakoa betetzeko, zoladurak eta zintarriak eraitsi ondoren. Era berean, argiteriari dagokionez, kanalizazioak hobetuko dira eta argi-puntu berriak instalatuko dira 10 metroko zutabeen gainean instalatutako LED teknologia darabilten luminarien bidez.
- Errotaundi kalean: Txingudi ikastolako ikasle asko oinez joaten dira eskolara Errotaundi kaletik. Jarduketa honen bidez, ikasleen segurtasuna hobetzeko lanak egingo dira Errotaundi kalearen eta Jaitzubia hiribidearen arteko bidegurutzean. Horretarako, espaloi zati berri bat eraikiko da eta zebrabide bat margotuko da elkargune horren ekialdean. Gainera, 3 estolda-zulo berri irekiko dira euri-urak jasotzeko eta saneamendu-sarera bideratzeko.
Zebrabide berriak
Bide-segurtasuna hobetzeko asmoz, zebrabide berriak instalatuko dira Dario de Regoyos, Policarpo Balzola, Berio eta Gaztainondo kaleetan eta Ibarrola hiribidean. Zebrabide berri bakoitza margotu ondoren, espaloiak egokituko dira irisgarritasunari buruzko araudiak zehaztutakoaren arabera: zoladura botoiduna jarriko da zebrabidearen kokalekua markatzeko, eta dagokion zerrenda ildaskatua instalatuko da.
Zebrabideetako oztopo arkitektonikoak kentzea
Cesar Figuerido kalean: Kale horretako zenbait zebrabide ez daude espaloiaren maila berean, eta hori oztopo izan daiteke mugikortasun urriko pertsonentzat. Lanetan, zebrabideak goratuko dira, espaloiaren maila berean gera daitezen. Arrapalek 2 metroko luzera izango dute gutxienez.
GI-636, Behobian: Behobiako BM supermerkatuaren pareko GI-636 errepideko zebrabidea ez dago espaloiaren maila berean, eta hori oztopo izan daiteke mugikortasun urriko pertsonentzat. Zebrabide goratu berri bat eraikiko da, espaloiaren maila berean, eta haren berri emateko zoladura botoiduna eta zerrenda ildaskatua instalatuko dira. Arrapalek 2 metroko luzera izango dute gutxienez. Gainera, bi estolda-zulo berri irekiko dira euri-urak jasotzeko eta saneamendu-sarera bideratzeko.
Miguel de Ambulodi, Alcaldia de Sacas, Lapurdi, Olaketa, Salvador Etxeandia eta Izaga kaleetan: zebrabideak ez daude espaloiaren maila berean, eta hori oztopo izan daiteke mugikortasun urriko pertsonentzat. Zebrabideak egokituko dira lan hauen bidez, kontrazintak espaloiaren maila berean jarrita.



